Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Positibotasun-tasak beheranzko joerarekin jarraitzen du Euskadin, % 5etik behera

Agentziak | EITB MEDIA

Gauzak horrela, pandemiak nolabaiteko egonkortasuna erakusten du, azken egunetan antzeko datuak bildu baitira. Halaber, 29 pertsona ospitaleratu dituzte koronabirusagatik gela arruntetan, aurreko egunean baino bi gehiago.

  • Jendea, Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

    Jendea, Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

Ostiral honetan 234 koronabirus kasu berri atzeman dituzte Euskadin, alegia, bezperan baino 13 gehiago, eta positibotasun-tasa bi hamarren jaitsi da, % 4,9raino.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan emandako datuen arabera, gaitza atzemateko 4.794 test diagnostiko egin zituzten ostiralean, aurreko egunean baino 476 gehiago, eta horietatik 234 positiboak izan ziren.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban 28 kasu berri baieztatu dituzte (aurreko balantzean bezala), Bizkaian 128 (bezperan baino lau gehiago) eta Gipuzkoan 77 (hamar gehiago). Gainera, Euskal Autonoma Erkidegotik (EAE) kanpo bizi den pertsona batek positibo eman du, bezperan baino bat gutxiago.

Halaber, ospitaleetako egoerari dagokionez, ostiralean 29 pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusagatik gela arruntetan, aurreko egunean baino bi gehiago, eta zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) 58 pertsona daude une honetan covid-19arekin, aurreko balantzean bezala.

Gauzak horrela, pandemiak nolabaiteko egonkortasuna erakusten du, azken egunetan antzeko datuak bildu baitira.

Astelehenera arte ez dira beste datu batzuk eguneratuko, besteak beste, 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa.

Positibo berriek 50eko langatik behera jarraitzen dute Nafarroan

Covid-19aren positibo berriek beherakada txiki bat izan dute Nafarroan, 46 kasu berri atzeman baitituzte, bezperako 48 kasuen ostean, Osasun Sailaren behin-behineko datuen arabera.

Horrela, Nafarroa egunero kutsatutako 50 pertsonako langatik behera mantentzen da bigarren egunez jarraian.

Kasu gehien izan dituzten eremuak Milagro eta Arrotxapea auzoa izan dira (lau kutsatu bakoitzean), eta ondoren Antsoain (hiru kasu).

Ostegunean, 48 kasu zenbatu zituzten Nafarroan, lau ospitaleratze izan ziren, hiru ZIUn, eta ez zen hildakorik izan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.