Itxi

Gizartea

Ikasturte berria

Graduko 35.000 ikaslek hasi dute ikasturte berria EHUn

EITB Media

Deustuko Unibertsitatean, bestalde, 8.000 lagunek ekingo diote gaur ikasturteari, eta Mondragon Unibertsitatean, berriz, 6.000 ikaslek.

0:42
Donostiako kanpusa, gaur goizean.

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) aste honetan abiatu du 2021-2021 ikasturtea, graduko ia 35.000 ikaslerekin. Dagoeneko hasi dira campusetara joaten eta errutina berri bat ezagutzen. Deustuko Unibertsitatean, bestalde, 8.000 lagunek ekingo diote gaur ikasturteari, eta Mondragon Unibertsitatean, berriz, 6.000k.

Graduko matrikularen azken urratsak bete arte, 8.420 ikasle berri matrikulatu dira EHUn. Ikasle berrien % 56 emakumezkoak dira eta % 44 gizonezkoak, unibertsitateak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Hizkuntzari dagokionez, % 54,4k euskaraz egingo dituzte graduko ikasketak eta % 45,6k gaztelaniaz.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, % 53 Bizkaiko Campusean matrikulatu dira, % 26 Gipuzkoakoan eta % 21 Arabakoan. Halaber, jakintza-adarren arabera, % 42,1ek Gizarte eta Lege Zientzien adarreko graduetan eman dute izena; % 24,3k, Ingeniaritzan eta Arkitekturan; % 14,4k, Osasun Zientzietan; % 11,4k, Artean eta Giza Zientzietan; eta % 7,8k, Arte eta Giza Zientzietan.

Azken datuen arabera, Fisika + Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzak izan du gutxieneko nota altuena aurten (13,348), eta hauek daude jarraian: Biokimika eta Biologia Molekularra (13,265); Double Bachelor 's degree in Business and Economics (12,908); Bioteknologia (12,872); Medikuntza gaztelaniaz (12,850); Medikuntza euskaraz (12,848); Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia Gradu Bikoitza (12,804); Ingeniaritza Mekanikoa + Ingeniaritza Elektronikoaren eta Automatikaren Ingeniaritza Gradu Bikoitza (12,704); Fisikako Gradua (12,694); eta Matematikako Gradua (12,664).

Zehazki, ikasturte honetan 103 gradu eskaintzen dira, eta "egokitutako presentzialtasun eredua" mantentzen da, gutxienez % 75eko presentzialtasunarekin jarraitzeko helburuarekin. Testuinguru horretan, ikasturte hasierako ekitaldia datorren asteazkenean, irailaren 15ean, egingo da Gipuzkoako Campusean. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eva Ferreira errektoreak parte hartuko dute ekitaldi horretan.

Enpresetan edo beste erakunde batzuetan egiten diren kanpo-praktikak direla eta, horien garapena bermatzen da, baina praktika horiek gauzatuko diren erakundeek ezarritako neurriak errespetatuko dira une oro.

Halaber, EHUk 108 unibertsitate-master eta 65 master eta graduondo propio eskainiko ditu ikasturte honetan. Bai unibertsitateko masterretan, bai berezko master eta graduondokoetan, matrikula egiteko epea irailaren amaierara arte egongo da zabalik. Doktoregoei dagokienez, 66 programa eskaintzen dira, ezagutzaren adar guztietan.