Gizartea
Koronabirusa
Paziente onkologikoak eta immunodepresiboak hirugarren dosia jasotzen hasiko dira ostegunetik aurrera
Agentziak | EITB Media
"Prozedura erkidegoek zehaztuko dute", eta 100.000 pertsona ingururi emango zaiela uste du Osasun Ministerioak.
-
Covid-19aren aurkako txertoa. Argazkia: EFE
Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluak aho batez onartu du ostegunetik aurrera koronabirusaren aurkako txertoaren hirugarren dosi bat ematea paziente onkologikoei eta immunodeprimituei, baita organo solido baten eta hezur-muinaren transplantea jaso dutenei ere.
Carolina Darias Osasun ministroak prentsaurrekoa eman du, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluak bilera amaitu ondoren. Dariasen ahotan, "dosi gehigarri batez hitz egiten ari gara, txertaketa normalaren immunitate maila berdina lortzeko prozesua osatzeaz, alegia".
Hirugarren txertoa ostegun honetan bertan hasiko dira ematen. "Prozedura erkidegoek zehaztuko dute", eta 100.000 pertsona ingururi emango zaiela uste du Osasun Ministerioak.
Ministroak azpimarratu duenez, beste kolektibo batzuetan neurri bera aplikatzea aztertzen jarraituko dute. "Aldizkako azterketa etengabea egingo dugu, eta beste kolektibo batzuek dosi gehigarria jasotzerik duten erabakiko dugu", gaineratu du.
Bileran izan diren iturriek zehaztu dutenez, beste kolektibo batzuei hirugarren dosia emateko aukera aztertzen jarraituko dute. Zentzu horretan, Gaztela-Mantxako Gobernuak egoitzetako adinekoei hirugarren dosia ematea proposatu du. Andaluziak, Valentziak, Aragoik eta Errioxak babestu egin dute ekimena.