Itxi

Gizartea

Hezkuntza

Ikasturtea abiatu da Hego Euskal Herrian, iazko protokolo ia berarekin

Eider Garaikoetxea | EITB Media

Berrikuntzei dagokienez, eskolaz kanpoko ekintzak eta eskola kirola berreskuratuko dira hasieratik bertatik. Gainera, jada ez da beharrezkoa ikastetxeen atarian tenperatura hartzea.

0:47
Donostia, gaur goizean.

Bigarren urtez jarraian, pandemia izango da lege ikasturte honetan ere. Hezkuntza arduradunek apenas aldatu dute eskoletan covid-19ari aurre egiteko iaz prestatuko protokoloa. Ingurumari horretan abiatu da gaur 2021-2022 ikasturtea Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan. Hasiera ofiziala izan da, ikastoletan eta itunpeko ikastetxe batzuetan eskolak abiatuta zuten arren. Ipar Euskal Herrian, bestalde, ostegunean itzuli ziren ikasgeletara.

Eusko Jaurlaritzak ez du aldaketa handirik egin joan den ekainean onartutako protokoloan (aurreko ikasturtekoaren antzekoa). Iaz ez bezala, eskolaz kanpoko ekintzekin eta eskola kirolarekin hasiko da ikasturtea, baina bi kasuetan hezkuntza-etapa bakoitzerako ezarritako prebentzio-neurriak errespetatu beharko dira. Barnetegiek ere euren ohiko jarduerari ekin ahalko diote, aurreko ikasturtean itxita egon ondoren.

Halaber, aurrerantzean ez da beharrezkoa izango tenperatura hartzea ikastetxeen atarian, eta etxean bertan hartzea gomendatu dute. 

Gainerakoan, aurtengo protokoloak iazkoaren oinarrizko irizpide berak izango ditu: segurtasun-distantzia mantentzea, eskuak maiz garbitzea, gelak aireztatzea, maskara erabiltzea (Haur Hezkuntzan salbu) eta kontaktuak mugatzea. Bestalde, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan lantaldeak osatu ahalko dira.

Zehazki, Lehen Hezkuntzan 4-5 kideko taldeak osatu ahalko dira; DBHn, berriz, 3-4 ikasleko taldeak osatuko dira 1. eta 2. mailan. Ildo horretatik, DBHko 3. eta 4. mailan eta gainerako hezkuntza-etapetan pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gorde beharko da. Lantaldeek kide berberekin jarraituko dute, gutxienez 10 egun baino gehiagoko oporraldia izan arte.

12-15 urteko nerabeen txertaketa nahikoa aurreratuta dagoenez (horien % 80k dosi bat jaso dute), berrogeialdia dezente arintzea espero da; izan ere, pauta osoa dutenek ez dute egin beharko, nahiz eta positibo baten kontaktu estua izan. Gainerako kasuetan, bakartze protokolo berberak erabiliko dituzte. 

Eskolaz kanpoko ekintzak Nafarroan, jardunaldi jarraitua "konpentsatzeko"

Foru Gobernuak ere ez du moldaketa aipagarririk egin iazko protokoloan; prebentzio, garbiketa eta higiene-neurri guztiak bere horretan utzi ditu, baita zentroak sektoreka antolatu ere. Ordutegi jarraitua izango da, gutxienez Gabonak arte, baina ikastetxeek eskolaz kanpoko jarduerak eskainiko dituzte, astean lau egunetan, urriaren 4tik aurrera. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak astelehenean iragarri zuen neurria. Horren esanetan, "adingabeen garapen emozionala hobetu, kontziliazioa erraztu eta ekonomia suspertzen laguntzea" du helburu.

Ekintzok 90 minutuz eskainiko dituzte, 45 minutuko bi saiotan, eta, asko jota, 17:00etarako bukatuko dira.

Gurasoen elkarteak kritiko agertu dira, eta jardunaldi zatitua eskatu dute berriro. Diotenez, ez dute ulertzen zein alde dagoen jardunaldi zatituaren eta Hezkuntza Kontseilaritzak egindako proposamenen artean.

Halaber, Haur Hezkuntzan 20 ikasleren ratioari eutsi diote, baita gainerako hezkuntza-mailetan 2020-2021 ikasturtean hartutako neurriei ere. Gainera, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako talde guztiak bizikidetza-talde egonkortzat hartzen jarraituko dute, ikasleen mugikortasuna ikasgelan bermatzeko eta hala eskatzen duten hezkuntza-programak abian jartzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.