Gizartea
Hezkuntza
2021-2022 ikasturtea aldaketa handirik gabe hasiko da Hego Euskal Herriko ikastetxeetan
EITB Media
Ikasturte berriari begira landutako protokoloak jasotzen dituen oinarrizko jarraibideen artean, ondorengoak nabarmendu daitezke: segurtasun-distantzia mantentzea, eskuak maiz garbitzea, gelak aireztatzea, maskara erabiltzea eta kontaktuak mugatzea.
2021-2022 ikasturtea asteazken honetan, irailak 8, hasiko da ofizialki Hego Euskal Herrian, aurrez aurreko irakaskuntza bultzatzeko eta koronabirusari aurre egiteko neurriak hartuta. Hori dela eta, ikastetxeak nondik norako guztiak prestatzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan ikasgelak berriro ireki eta ikasleei ongi etorria emateko.
EAEren kasuan, ez da aldaketa handirik izango joan den ekainean onartutako protokoloarekin alderatuta (aurreko ikasturtekoaren antzekoa). Hala, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasgeletan hiru eta bost ikasle arteko lantaldeak osatu ahal izango dira (maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da).
Zehazki, Lehen Hezkuntzan lau edo bost kideko taldeak osatu ahal izango dira; DBHn, berriz, hiru edo lau ikasleko taldeak osatuko dira lehen eta bigarren mailan. Ildo horretatik, DBHko hirugarren eta laugarren mailetan eta gainerako hezkuntza-etapetan pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu beharko da.
Halaber, honakoak dira ikasturte berriari begira landutako protokoloren oinarrizko beste jarraibide batzuk: segurtasun-distantzia mantentzea, eskuak maiz garbitzea, gelak aireztatzea, maskara erabiltzea eta kontaktuak mugatzea (aurreko ikasturtean bezala). Testuinguru horretan, lantaldeek kide berdinekin jarraituko dute, gutxienez 10 egun baino gehiagoko oporraldia izan arte.
Dena dela, ez da beharrezkoa izango tenperatura hartzea eskolen hasieran, eta etxean bertan neurtzea gomendatzen da. Kutsatuei dagokienez, gainerako biztanleei aplikatzen zaizkien jarraibide berberak ezarri dira (pauta osoa dutenek ez dute koarentena egin beharko, nahiz eta positibo baten kontaktu estua izan).
Horrez gain, eskola kirola "normaltasunez" berrekingo da ikasturte hasieratik, eta barnetegiek ere haien jarduerari ekin ahal izango diote, aurreko ikasturtean itxita egon ondoren (barnetegiek protokolo berezi bat dute, ikasgeletako printzipio orokor berberetan eta bizikidetza-talde egonkorren antolaketan oinarritua).
Eskolaz kanpoko jarduerei ere ekingo zaie ikasturte berrian. Kasu horretan, protokoloak adierazten du gauzatu ahal izango direla, baldin eta hezkuntza-etapa bakoitzerako ezarritako prebentzio-neurriak errespetatzen badira.
Nafarroan, berriz, hezkuntza-etapa eta maila guztietan "erabateko presentzialtasuna" bermatzeko konpromisoa berretsi du Hezkuntza Departamentuak. Hala, 2021-2022 ikasturterako protokoloak prebentzio, garbiketa eta higiene-neurri guztiak mantentzen ditu, bai eta zentroak sektoreka antolatzea ere.
Halaber, Haur Hezkuntzan 20 ikasleren ratioa mantentzen da, baita gainerako hezkuntza-mailetan 2020-2021 ikasturtean hartutako neurri guztiak ere. Gainera, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako talde guztiak bizikidetza-talde egonkortzat hartzen jarraituko dituzte, ikasleen mugikortasuna ikasgelan bermatzeko eta hala eskatzen duten hezkuntza-programak abian jartzeko.
Aldaketen artean, berriz, honako hauek nabarmendu behar dira: patioan objektuak partekatzeko aukera, Haur Hezkuntzako ikasleek patioan maskararik jarri behar ez izatea, banaketa-gelen erabilera malgutzea, bost ikasle-talde edo gutxiagoko landa-eskoletan bestelako antolaketa bat aztertzeko aukera eta aireztapen-irizpideak betetzea, zentroei beharrezko aireztapena kontrolatzen lagunduko dieten CO2 neurgailuak emanez. Era berean, bazkaria patioan hartzea lehenesten da.
Bestalde, Hezkuntza Departamentuak ordutegi jarraitua ezartzea proposatu du ikasturte hasierarako, baina koronabirusaren bilakaeraren arabera, aldaketak egiteko aukera aipatu du. Irailen hartuko dute erabaki hori, ikastetxeen, irakasleen eta garraio zein jantokiko zerbitzu osagarrien lanaldia "behar besteko bermeekin" berrantolatu ahal izateko.
Horrenbestez, ikasturteko bi une zehatzetan ordutegian aldaketak egiteko aukera aurreikusten da, baita normaltasunera itzultzeko prozedura malgua ere, egoera epidemiologikoak ahalbidetzen badu.