Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

59 kasu atzeman dituzte Nafarroan, baina positibotasun tasa % 7,5era igo da

Agentziak | EITB Media

Erietxeetan, bi gaixo berri ospitaleratu dituzte azken orduetan, horietako bat ZIUn. Orotara, covid-19ak jotako 71 gaixo daude Nafarroako ospitaleetan, horietako 24 ZIUetan.

  • Hainbat emakume, Iruñean

    Hainbat emakume, Iruñean. Argazkia: EFE

Larunbat honetan, 59 covid-19 positibo berri atzeman dituzte Nafarroan, bezperan baino 3 gutxiago, Foru Gobernuaren behin-behineko datuen arabera. Aste osoko daturik onena da larunbat honetakoa, eta ekainaren 28tik erregistratutako bigarren daturik baxuena.

Hala ere, aipatzekoa da asteburuetan proba diagnostiko gutxiago egiten direla, eta horrek kutsatze berrien zenbatekoan eragiten duela. Bada, 783 test egin zituzten larunbatean (bezperan baino 536 gutxiago), % 7,5eko positibotasun tasa lortuz. Aurreko eguneko datuekin alderatuta (% 4,7), beraz, positibotasunak nabarmen egin du gora.

Erietxeetan, bi gaixo berri ospitaleratu dituzte azken orduetan, horietako bat ZIUn. Orotara, covid-19ak jotako 71 gaixo daude Nafarroako ospitaleetan, horietako 24 Zaintza Intentsiboen Unitateetan.

Udalerrika, Iruñean dago egoerarik larriena, ohi bezala, 11 kasurekin. Bestela, Azagran eta Tuteran 5na positibo berri atzeman dituzte. Atzetik, Mendabian zenbatutako lau kasuak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.