Gizartea
KORONABIRUSA
Sagardui: "Hiruzpalau astetan 12 urtetik gorakoen % 90ek gutxienez txerto bat jasota izan dezakete"
EITB MEDIA
EAEn datorren astean hasiko den ikasturte berriaren aurrean, "itxaropentsu" agertu da Osasun sailburua, agertokia, iazkoarekin alderatuta, "oso bestelakoa" delako. Halere, ezinbestekoa iritzi dio prebentzio neurriei eustea.
Asteon beteko da urtebete Gotzone Sagarduik Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu kargua hartu zuenetik. Ordutik, Covid-19aren pandemia kudeatzea izan da bere egiteko nagusia, eta urtebeteko eskarmentutik begiratzen dio, orain, hasi berri den lan-urte berriari. EAEko intzidentzia datuak altuak izaten jarraitzen duten arren, "txertoari esker", agertokia duela urtebetekoa baino "hobeagoa" dela nabarmendu du. "Zentzu horretan, udako goraldiaren ondoren, irailari beste modu batean heltzeko moduan gaude", esan du.
Datak aurreratzea gustuko ez duela aitortuta, hiruzpalau astetan 12 urtetik gorako herritarren % 90ek gutxienez txertoaren dosi bat hartuta izatea aurreikusten du Osasun sailak. Adin tarte horretan, 200.000 pertsona geratzen dira EAEn txertoa hartu gabe. Horiei guztiei dei egin die sailburuak, beste behin, dagokion osasun-zentroarekin harremanetan jarri eta txanda hartzeko.
Ikasturte berriari, beraz, "itxaropentsu" begiratzen dio Sagarduik, "zuhurtzia" alboratu gabe. "Baikorrak gara, baina birusa hor dago, eta ezer ikasi badugu, aldaera berriak edozein unetan etor daitezkeela da. Beraz, erne egon behar dugu", gaineratu du.
Prebentzio neurrien arintzeari buruz galdetuta, une bakoitzeko aldagai guztiak kontuan hartuta hartzen direla erabakiak esan du. Zentzu horretan, gogoratu du txertaketa aurrera doan arren, ospitaleratzeak oraindik ez direla behar beste jaitsi eta egoerak "gordina" izaten jarraitzen duela. "Eta ez dezagun ahaztu, birusa mundu osoan dabilela. Edozein momentutan edozein aldaera etor daiteke. Zuhurtzia mantendu behar dugu", amaitu du.