Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

Orio, eremu berdera bueltatu den lehen udalerria

Berezi Fernandez | EITB Media

EAEko hiru lurraldeak hori margotuta jarraitzen dute.

  • Grafikoa: EITB Media.

    Grafikoa: EITB Media.

OHARRA: Koloretako semaforoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako udalerrien egoera epidemiologikoa adierazten du, baina ez dakar herriak perimetralki ixtea, mugikortasuna librea baita alarma-egoera amaitu ondoren.

Egoerak hobera eginda, eremu berdera igaro da Orio, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera. Azken 24 orduetan, 49 positibo atzeman dituzte Gipuzkoako udalerrian, bezperan baino 16 gutxiago.

Bestela, EAEko udalerri guztiek bezperako egoera berdintsuan jarraitzen dute. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa eremu horian daude, eta Balmaseda, Bermeo, Gernika, Lekeitio, Sopela, Zalla, Aretxabaleta, Deba, Lazkao, Mutriku eta Usurbil gune gorrian daude oraindik, datuan hobetu ezinik.

Orotara, 346 positibo berri atzeman zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan, bezperan baino 51 gutxiago. Intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, baina ospitaleko presioak ez du aldaketa handirik izan: 71 pertsona daude ZIUetan eta 207 gela arruntetan.

Arabak (267 kasu 100.000 biztanleko) eremu horian jarraitzen du. Gasteizek eta Amurriok laranjari eutsi diote eta, Agurainek eta Laudiok, berriz, horiari. Ez dago, hortaz, udalerririk ez eremu gorrian ezta berdean ere.

Bizkaiak ere laranja atzean uztea lortu zuen ostegunean, eta mantentzea lortu du (287 kasu 100.000 biztanleko). Sei udalerrik jarraitzen dute une honetan eremu gorrian: Bermeok, Gernika-Lumok,  Lekeitiok, Sopelak, Zallak eta Balmasedak.

Laranjan daude Gueñes, Mungia, Santurtzi, Sestao, Zornotza eta gaurtik baita Berango, Getxo, Gorliz eta Leioa ere.

Horian, bestalde, Abadiño, Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Barakaldo, Basauri, Bilbo, Derio, Durango, Elorrio, Erandio, Ermua, Etxebarri, Galdakao, Markina-Xemein, Muskiz, Ortuella, Ondarroa, Portugalete eta Trapaga.

Ez dago herri bakar bat ere berdean.

Gipuzkoak (275 kasu 100.000 biztanleko) eremu horiari eutsi dio. Bost dira eremu gorrian dauden Gipuzkoako udalerriak: Deba, Lazkao, Lezo, Mutriku eta Usurbil. 

Laranja kolorez, berriz, Aretxabaleta, Elgoibar, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Eibar eta Oiartzun daude.

Horian dauden herriak Andoain, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Errenteria, Hondarribia, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa,  Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga dira.

Azken orduetan, udalerri bakarra igaro da gune berdera: Orio.

Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.