Gizartea
KORONABIRUSA
Ez da premiazkoa hirugarren dosi bat jartzea pauta osoa duten herritarrei, EMAren arabera
A. S. | EITB MEDIA
Hala ere, dosi gehigarriari ateak ireki dizkio, immunitate-sistema ahul duten pertsonen kasuan, organu transplante bat duten herritarrentzat edo ahul dauden adinekoentzat, esaterako.
-
Osasun-langile bat txertoaren dosi bat prestatzen. Artxiboko irudia: EFE
Europako Sendagaien Agentziak (EMA) ostegun honetan adierazi duenez, "ez da beharrezkoa" txertoaren hirugarren dosi bat ematea. Hala ere, immunitate-sistema ahul duten pertsonen kasuan, ateak ireki dizkio dosi gehigarriari.
Horixe da, datu guztiak aztertuta, EMAk ondorioztatu duena. Dosi gehigarriaren aukerari atea ireki dio, txertoa jaso arren inmunitate-sistema ahul duten pertsonen kasuan. Hala, organo transplante bat duten herritarrak jarri ditu adibide moduan, baita, prebentzio-neurri moduan, ahul dauden adinekoak ere.
Txertoaren eraginkortasunari eta babesaren iraupenari buruzko ebidentziek argi utzi dute Europar Batasunean baimendutako txerto guztiek babes handia ematen dutela, gaur egun covid-19arekin lotutako ospitaleratze, gaixotasun larri eta heriotzen datuen arabera.
Sendagaien agentziaren esanetan, Europan adinez nagusi diren hiru lagunetik batek oraindik ez du txertaketa-pauta osoa hartu, eta orain herritar horiek babesteak du lehentasuna. Beraz, momentuz dosi gehigarriak immunitate-sistema ahul duten gaixoentzat eta ahul dauden adinekoentzat bakarrik aurreikusi dute.
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak astelehenean aurreratu zuenez, transplante bat egin dieten edo minbizia duten pazienteei covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia emango diete, baina erabakia ebidentzia zientifikoaren eskutik hartuko dutela azpimarratu zuen.
Frantziako Gobernuak, bere aldetik, 65 urtetik gorakoei gomendatu die hirugarren txertoa jartzea, baita covid-19a okerrago jasateko arriskua areagotzen duten gaixotasunak dituztenei ere.