Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Iazko babes-neurriekin ekin diote ikasturte berriari Ipar Euskal Herrian

EITB Media

Protokoloak aldaketak izan ditzake, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera. Musukoa derrigorrezkoa izango da sei urtetik gorako ikasleentzat.

1:19
Haurrak eskolan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Irailak bi dituen honetan, Ipar Euskal Herriko umeek eta gazteek ikasturte berriari ekingo diote gaur, covid-19ari aurre egiteko protokolo zaindu batekin. Oro har, joan den ikasturte amaierako neurriei eutsiko diete, baina, arduradunek iragarri dutenez, aldaketak izan daitezke unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera.

Protokoloaren bigarren mailan hasiko dituzte klaseak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Horrela, eskolak aurrez aurrekoak izango dira maila guztietan. Hala ere, iaz bezala, ezingo dira nahasi maila ezberdinetako ikasleak, eta maskara nahitaezkoa izango da sei urtetik gorako neska-mutilentzat.

Ikasle edo irakasleren batek koronabirusarekin kutsatu eta positibo ematen badu, protokoloa desberdina izango da eskola edo ikastetxearen arabera. Haurtzaindegi eta eskoletan, kasu bat nahikoa izango da ikasgela astebetez itxi eta klaseak telematikoki jarraitzeko. Kolegio eta lizeoetan, aldiz, txertatuta ez dauden kontaktuak soilik bideratuko dituzte etxera; immunizatuta daudenek, berriz, aurrez aurre jarraitu ahalko dituzte klaseak.

Gaur egun, lau nerabetik hiruk jaso dute lehenengo dosia. Hala ere, Frantziako Gobernuak iragarri du txertaketa bultzatuko dutela ikastetxeetan, baina oraindino ez dute zehaztu zelan egingo duten.