Itxi

Gizartea

Alarma-egoera

Etxeko konfinamendua legez kanpokotzat jo ostean, 14.740 isun artxibatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Ertzaintzak eta Udaltzaingoek 22.957 salaketa jarri zituzten 2020ko martxoan ezarritako etxeratze-agindua urratzeagatik. Berehala ordaindu ziren isunen dirua ez dute itzuliko eta ebazpen irmoa duten zigorrak ez duten baliogabetuko.

  • Ertzaintzak Iurretan jarritako kontrola. Artxiboko argazkia: EFE

    Ertzaintzak Iurretan jarritako kontrola. Artxiboko argazkia: EFE

Joan den uztailean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legez kanpokotzat jo zuen Espainiako Gobernuak 2020ko martxoan ezarritako alarma-egoera eta orain Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak artxibatu egin ditu garai hartan etxeratze-agindua urratzeagatik jarri zituen 14.740 isun.  

Konstituzionalaren ebazpena aintzat hartuta, mugikortasunari lotutako murrizketak ez betetzeagatik irekitako espedienteak artxibatzeko eta ezarritako isunak baliorik gabe uzteko agindua eman du Segurtasun Sailak.  

Etxeko konfinamendua urratzeagatik, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek 22.957 salaketa jarri zituzten eta 20.237 isunak izan ziren. Alabaina, berehala ordaindu ziren isunen (5.256)  dirua ez dute itzuliko eta ebazpen irmoa duten zigorrak (2.961) ez dituzte baliogabetuko.

Gauzak horrela, 14.740 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bertan behera utziko dituzten isunak.