Gizartea
Koronabirusa
Nafarroan apur bat gora egin dute positiboek, baina intzidentziak beheranzko joerari eutsi dio
Agentziak | EITB Media
Foru Gobernuak aurreratu dituen datuen arabera, Iruñean 20 kasu berri zenbatu dituzte; Azkoienen eta Tuteran, seina, eta Sesman, Tafallan eta Altsasun, launa.
-
Jendea terrazetan, Iruñeko erdigunean. Argazkia: Efe.
Nafarroan ehun positibotik behera izaten jarraitzen dute, baina apur bat gora egin dute kasu berriek, astelehen honetan 78 pertsona kutsatu baitira. Gainera, bi pertsona hil dira covid-19aren ondorioz (78 urteko gizon bat eta 92 urteko emakume bat). Halaber, pertsona bat ospitaleratu dute.
78 kutsatze horiek, aurreko egunean baino zortzi gehiago, 1.619 proba egin ostean atzeman dituzte, eta positibotasun tasa % 4,8koa da; guztira, 80.599 pertsona kutsatu dira, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, eta 80 pertsona daude ospitaleratuta, 25 ZIUetan.
Iruñean 20 kasu berri zenbatu dituzte; Azkoienen eta Tuteran, seina, eta Sesman, Tafallan eta Altsasun, launa.
Azken bi heriotzak kontuan izanda, 1.228 pertsona hil dira jada Nafarroan SARS-CoV-2aren ondorioz.
Txertoari dagokionez, 1.972 dosi eman ondoren, 920.541 txerto inokulatu dituzte guztira, eta 468.124 pertsonak dute, berriz, jarraibide osoa.