Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Txertoa har dezaketen Euskadiko biztanleen ia % 80k txertaketa-jarraibide osoa dute

Agentziak | EITB MEDIA

Sagarduiren esanetan, uda honetan txertoa hartzeko xede-herritarrei bidalitako deiak "eragina izaten ari dira".

1:18
Gotzone Sagardui

Euskadiko xede-populazioaren ia % 80k osatu du dagoeneko covid-19aren aurkako txertaketa-jarraibidea, eta, hiruzpalau asteren buruan, guztiek gutxienez dosi bat inokulatuta izatea lortuko da, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astelehen honetan iragarri duenez.

Egoera epidemiologikoa azaltzeko eta Euskadiko murrizketen malgutasuna jakinarazteko komunikabideen aurrean egindako agerraldian, Sagarduik azaldu du gaur egun EAEko biztanleen % 78,9k dutela covid-19aren aurkako txertoen jarraibide osoa. Zenbakiei erreparatuz gero, gutxienez dosi bat eman zaie 1.712.000 herritarri, eta 1.562.000k txertaketa-pauta osoa dute.

Osasun sailburuaren hitzetan, uda honetan xede-herritarrei txertoa hartzera joateko egindako deiak "eragina izaten ari dira". Adibide gisa esan du koronabirusak jo dituen herritarren artean, 47.230 pertsonak bi hilabete bete dituztela positibo eman zutenetik, eta horietatik 17.257k jaso dutela txertoa; 5.283k, berriz, hitzordua eskatu dute datozen egunetarako.

Hala ere, gogoratu du "ziurgabetasun" testuinguru batean jarraitzen dugula, nahiz eta txertaketak "hesi efektua" eragin dezakeen, oporraldiaren amaierak "interakzio sozial edo mugikortasun txikiagoa" ekar dezakeen edo ikasturtearen hasierak, "aurreko urteko esperientzia ikusita, erregulazio eta prebentzio handiagoko esparru bat eskaini dezakeen".

"Badakigu birusaren jokabidea ezin dela aurreikusi. Mutatzeko duen gaitasuna arrisku ziurra da, eta segurtasun uste faltsuak ahuldu egiten gaitu ", gaineratu du.