Gizartea
Protokolo berria EAEn
Osasun Sailak koarentenatik salbuetsi ditu azken 180 egunetan covid-19a izan duten kontaktu estuak
EITB Media
Hala ere, leku jendetsuak saihestu behar dituzte, interakzio sozialetan maskara erabili behar dute, ekitaldi jendetsuetara joatea ekidin behar dute eta sintoma bateragarririk agertzen diren zaindu behar dute.
-
Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media.
Eusko Jaurlaritzaren osasun-protokolo berriak salbuetsi egiten ditu azken sei hilabeteetan covid-19a igaro duten pertsona asintomatikoak isolatu behar izatetik, positibo eman duen pertsona batekiko kontaktu estua izateagatik, ondorio guztietarako immunizatutzat jotzen baitituzte.
Hala ere, pertsona horiek jokabide zentzuduna izan behar dute, birusaren hedapena saihesteko, eta sintomak garatzen badituzte, gainerako kasuetan bezala, proba diagnostiko bat egin beharko dute eta, ondorioz, isolatu egingo dira.
Zaintza epidemiologikorako protokoloaren eguneratze berriak berrogeialdia nork eta nola egin behar duen jasotzen du, positibo batekin kontaktu estua izanez gero, hau da, kasu positibo baten leku berean egon den edozein pertsona, 2 metro baino gutxiagoko distantzian eta 24 ordutan 15 minututik gorako denbora metatuan, maskara modu jarraitu eta egokian erabili gabe.
Protokolo berriaren arabera, "azken 180 egunetan infekzio aktiboa izan baduzu eta kontaktu estua bazara, ez duzu berrogeialdirik egin behar, baina interakzio sozialetan maskararen erabilera areagotu behar duzu".