Gizartea
Indarkeria matxista
17 urteko emakume bat bortxatu dute Plentziako hondartza inguruan
Agentziak | EITB Media
Ehunka pertsona bildu dira arratsaldean Plentziako portuan, eraso matxista gaitzesteko. Bertaratutakoek argi utzi dute jarrera matxistek eta pertsonen askatasunaren aurkakoek ez dutela lekurik, ez Plentzian, ez beste inon.
-
Ehunka pertsona bildu dira arratsaldean Plentzian, eraso matxista gaitzesteko. Argazkia: EITB Media
Ertzaintza Plentzian emakume bati egindako sexu-erasoa ikertzen ari da, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Biktimak berak jarri du salaketa, igandean. Polizia gertatutakoa ikertzen ari da.
Plentziako Udalak baieztatu duenez, igande goizaldeko 02:30 aldera jazo da eraso matxista, Plentziako hondartza inguruan. Gainera, talde bortxaketa izan ote den ikertzen ari dira, Udaleko iturrien arabera.
Horren harira, ehunka pertsona bildu dira arratsaldean Plentziako portuan, eraso matxista gaitzesteko. 'Ez dugu eraso matxistarik onartuko' lelopean, bertaratutakoek azpimarratu dutenez, jarrera matxistek eta pertsonen askatasunaren aurkakoek ez dute lekurik ez Plentzian ez beste inon.
Sorginen Alabak talde feministaren itzetan, "eraso bakoitzeko beti egongo da mugimendu feministaren erantzun bat"; izan ere, jarrera matxistak "edozein unetan eta edozein lekutan izan daitezke, ez jai giroan bakarrik".
Testuinguru horretan, Plentziako Udalak bozeramaileen batzarra deitu du astelehenerako, erasoa gaitzesteko oharra adosteko.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak erasoa gaitzetsi du sare sozialetan. "Beti biktimen alde. Ez beti da ez", idatzi du sailburuak.
¿ Condeno enérgicamente la agresión sufrida por una joven esta madrugada en Plentzia.
— Beatriz Artolazabal (@B_Artolazabal) August 29, 2021
Ponemos a su disposición todos los recursos del departamento @berdintasunejgv.
Siempre con las víctimas. Ez beti da ez. pic.twitter.com/djupukfK3L