Gizartea
ISTILUAK
14 lagun atxilotu ditu bart Ertzaintzak Donostian eta bat Hernanin, istiluak eragitea leporatuta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzainei gauzak jaurtitzea eta agenteei aurre egitea egozten diete. Operazioak irekita jarraitzen du, istiluetan parte hartu zuten beste pertsona batzuk identifikatzeko helburuz.
-
Ertzaintzak Donostian egindako operazio baten artxiboko irudia.
Istiluak izan dira gaur gauen Donostian berriz ere, eta hainbat pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak. Antza denez, 14 dira Donostian atxilotuak eta beste bat Hernanin. Guztiei Ertzaintzaren agenteei aurre egitea leporatzen diete.
Donostian, Boulevard inguruan eta Alde Zaharrean izan dira istiluak. Polizia iturriek jakitera eman dutenez, 02:00ak aldera, hainbat lagunek objektuak jaurti dizkiete agenteei, iraintzen zituzten bitartean, eta edukiontziak gurutzatu eta erre dituzte, arketak altxatu eta markesinak kaltetu. Ertzaintzak liskarren kontrako materiala erabiliz, hainbat karga egin ditu parte hartzaileen aurka.
Hernanin ere hainbat gaztek objektuak bota dizkiete ertzainei, 04:00ak aldera, Txantxilla auzoan jende talde handi bat sakabanatzera joan direnean.
Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, operazioak irekita jarraitzen du, istiluetan parte hartu zuten beste pertsona batzuk identifikatzeko helburuz.
Eneko Goia Donostiako alkatea oso haserre agertu da gertatuarekin, Twitterren argitaratutako mezu batean:
Ez dago eskubiderik. Gutxi batzuk egiten dakiten bakarra egin dute berriz ere: hiria hondatu eta bizilagunen bizimodua aztoratu. Nere gaitzespenik gogorrena, eta nere babes guztia udaltzain eta ertzainei. Nahikoa da!
— Eneko Goia (@EnekoGoia) August 29, 2021
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ere mezua zabaldu du sare sozialetan, gogor gaitzetsiz "gu babesteko lanean ari direnen aurkako erasoak, irainak eta erasoak". "Euskadin gizalegearen aurkako eta elkartasunik gabeko jokabideak soberan daude, osasun kolektiboa arriskuan jartzen baitute", adierazi du, eta "ulertezina" dela esan du "gure gizartean mina, sufrimendua eta heriotza eragiten duen birus batekin ajolarik ez duten pertsonak egotea".
Desordena publikoak eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatzen dizkieta atxilotuei. Atzo, beste bi lagun atxilotu zituzten Donostian eta bat Andoainen, delitu beragatik. Ondoren, aske utzi zituzten, epaileak noiz deituko zain.
Bestalde, poliziaren jarreraren aurkako manifestazioa egin zuten atzo Donostiako Alde Zaharrean, "Errepresiorik ez. Alde Zaharra bizirik" lelopean. Ertzaintzaren jazarpena salatu zuten parte hartzaileek
Bi identifikatu Bilbon
Bilbon, bi pertsona identifikatu dituzte covid-19aren aurkako araudia betetzen zela zaintzen ari zen Ertzaintzaren zein Udaltzaingoaren operatiboari bi botila botatzeagatik.
Udaletik jakitera eman dutenez, "oso bakanak" izan dira arazoak. Kaleak hustean izan da gertaera hori, baina "ez du ondoriorik izan". Hala, aurreko gauetan baino jende gehiago ibili arren, gaua "normaltasunez" joan dela eta jendeak "modu arduratsuan" jokatu duela nabarmendu dute Udaletik.