Itxi

Gizartea

Afganistan

Hego Euskal Herrian 149 errefuxiatu afganiar daude

EITB Media

Hain zuzen ere, Euskadin 85 pertsona daude dagoeneko, eta Nafarroan, berriz, 64. Kabulgo aireportutik ebakuatutako pertsona horiek, Espainiako Gobernuak finantzatzen dituen bost elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeen artean banatu dituzte.

  • Errefuxiatu afganiarrak, Torrejon de Ardozeko (Madril) aire-basean lurreratu direnean. Argazkia: EFE

    Errefuxiatu afganiarrak, Torrejon de Ardozeko (Madril) aire-basean lurreratu direnean. Argazkia: EFE

Hego Euskal Herrian 149 errefuxiatu afganiar daude une honetan, talibanek herrialdearen egoera kontrolpean hartu ondoren. Zehazki, Euskadin 85 pertsona daude dagoeneko, eta Nafarroan, berriz, 64.

Euskadin hartutako errefuxiatu guztietatik, 39 Bizkaian daude, 33 Araban eta 13 Gipuzkoan. Azken orduetan, horietako 25 iritsi dira, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaritzak jakitera eman duenez.

Kabulgo aireportutik ebakuatutako pertsona horiek, Espainiako Gobernuak finantzatzen dituen bost elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeen artean banatu dituzte: Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea, Espainiako Gurutze Gorria, ACCEM, Diakonia eta Bakearen, Armagabetzearen eta Askatasunaren Aldeko Mugimendua (MPDL, gaztelaniakzo sigletan).

Bestalde, Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Migrazio Politika eta Justizia kontseilariak azpimarratu duenez, Nafarroan hartutako 64 pertsonak Afganistandik ihes egin duten eta ihes egin nahiko luketen pertsona guztien "lagin txiki bat" baino ez dira; izan ere, "beldur dira euren bizitzagatik eta osotasunagatik".

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak "korridore humanitario seguruak eta herrialdetik irteteko bideak" sortzearen alde egin du, "beste ibilbide arriskutsu batzuk jendez gainezka egitea saihesteko".

Halaber, gogorarazi du asiloa eta babesa eskatzen duten pertsonentzako harrera-programa Estatuak kudeatzen duela oraindik, baina berretsi egin du Nafarroako Gobernuak "erabateko borondatea" duela "eskumenen gainetik, behar den laguntza eskaintzeko".