Gizartea
Indarkeria matxista
Naiara Burgoa, SATEVI: "Indarkeria bikarioa errealitate bat da eta haurrek esaten dutena entzun behar da"
Berezi Fernandez | EITB Media
Naiara Burgoa, SATEVIko gizarte langilea, indarkeria bikarioaz ari da bere esperientzia profesionaletik abiatuta. Laguntza eske deitzen duten ama gehienek indarkeria mota hau sufritzen dutela azaldu du.
-
Heldu bat eta haur bat, eskutik helduta. Argazkia: Pixabay
Indarkeria bikarioak komunikabideen goiburuak bete ditu azken hilabeteetan, besteak beste, Bartzelonan eta Tenerifen eraildako hiru umeen kasuengatik.
2014tik, espainiar Estatuan 41 haur hil dira aitaren edota amaren bikotekidearen eskuetan. Horiek osatzen dute hildako biktimen zerrenda ofiziala, baina indarkeria mota honek hainbat aurpegi ditu, eta mehatxuak edo eraso fisiko zein psikologikoak sufritzen dituzten haurrak babesik gabe daude sarritan.
Naiara Burgoak, Etxeko indarkeriaren edo sexu erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzuko (SATEVI) gizarte langileak, honela azaldu du: "Indarkeria bikario kasuetan, umeak amarengatik ordezkatzen dira. Erasotzaileak haurrak erabiltzen ditu, amari mina zuzenean eragin beharrean".
Tratu txarrak tarteko bikotekidearengandik banatzeko erabakia hartzen duten ama gehienek sufritzen dute bortxa mota hau, elkarrizketatuak argitu duenez. "Emakumeak indarkeria harremanetik irtetea erabakitzen duenean, gizonak boterea galtzen duela ikusten du, eta momenturik arriskutsuenetarikoa izaten da".
Bada, biktimarengandik bananduta, erasotzaileak ez du emakumearekin kontaktatzeko modurik eta "umeak dira mina emateko duten modu bakarra", adierazi du SATEVIko langileak.
Itxialdia eta indarkeria bikarioa
Eusko Jaurlaritzaren arreta zerbitzuko langileek indarkeria bikarioa sufritzen zuten emakumeen dei gehiago jaso zituzten itxialdian zehar.
Banandutako gurasoen kasuan, "erasotzaileak ez zuenez amarengana urreratzeko modurik, umeen bisitak erabiltzen zituen xantaia egiteko", argitu du Burgoak. Gizarte langileak azaldu bezala, erasotzaileek biktimak mehatxatzen zituzten, bisita erregimena ez betetzeagatik salaketa jarriko zietela esanez. Hala, hainbat emakume seme-alabak aitarekin uztera behartuta sentitu dira, egoera arriskutsua izan zitekeela jakinda ere.
Entzuten al da haurrek esaten dutena?
"Indarkeria bikarioa errealitate bat da eta haurrek esaten dutena entzun behar da", erantzun du Naiara Burgoak arazo honen balizko aterabideei buruz galdetuta. Izan ere, amen salaketez gain, haurrek ere indarkeria sufritzen dutela kontatzen dute sarritan; "eta, hala ere, zaintza partekatuak eta bisita erregimenak ezartzen dituzte epaileek".
Ildo beretik, erakundeetan kontzientzia piztu eta arazo honen garrantziaz jabetzeko unea dela irizten dio Burgoak. "Gaur egungo epaiketetan ezin da guraso alienazio sindromea (GAS) —amei haurren kustodia kentzeko erabiltzen den akusazio misoginoa, ekainetik legez debekatuta dagoena— erabili, eta iritsi da indarkeria bikarioa benetako arazoa dela esateko momentua. Indarkeria da eta haurrak dira arriskuan daudenak", erantsi du elkarrizketatuak.