Gizartea
koronabirusa
Hirugarren dosia izango da gaur arratsaldeko Lurralde Arteko Osasun Batzordean gai nagusia
o.p. | eitb media
Osasun Ministerioa eta erkidegoak arratsaldean bilduko dira berriro, Sendagaien Europako Agentziak covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosi bat emateko aukerari buruz esango duenaren zain.
-
Joan den ekainaren 30eko bilera aurreko taldeko argazkia. EFE
Osasun Ministerioa eta erkidegoak berriro bilduko dira gaur arratsaldean, 16:00etan, egoera epidemiologikoaren eta txertaketa-kanpainaren ohiko errepasoa egiteko, bai eta Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren eguneratze teknikoa egiteko ere, txertaketaren jarraipena egiteko Osasun Sistema Nazionalaren informazio-sistema ezartzen duena.
Hala ere, txertoaren hirugarren dosia inokulatzearen inguruko eztabaida eta, horren inguruan Sendagaien Europako Agentzia ematekoa den ebazpena izango dira bileran gai nagusi.
Europako herrialde batzuek EMAren zain egon gabe eta AEBren bermearekin errefortzu-dosia ezartzea erabaki dute. Horren inguruan, Dariasek uztailean aurreratu zuen oso posible zela laster espainiar estatuan ere onartzea, nahiz eta Ministerioaren jarrera ebidentzia zientifiko gehiago biltzea eta Europako agentziaren iritzia itxarotea izan.
Jarrera bera dute autonomia erkidego gehienek ere, nahiz eta batzuek dagoeneko zenbait kolektibotan ezarri duten hirugarren dosi hori, batez ere egoitzen sektorean, eta gripearen txertoarekin batera jartzearen aldekoak dira batzuk, Gaztela eta Leon edo Madril kasu.
EAEn, komunitate zientifiko gehienak defendatzen duenaren ildotik, Eusko Jaurlaritzak uste du oraindik ez dagoela datu nahikorik hirugarren dosi bat jartzea komeni dela ziurtatzeko, eta OMEren eta EMAren gomendioak ezagutu arte itxarongo du.
Nafarroak txertaketa-estrategiaren eztabaidaren eta eguneratzearen arabera finkatuko du bere azken jarrera, CISNSeko Osasun Publikoaren Batzordean aztertzeko zain baitago.
Nolanahi ere, Nafarroako Osasun Saileko iturriek EFE agentziari adierazi diotenez, hiru elementu dira garrantzitsuak kontu honetan: "Zorroztasun teknikoa/zientifikoa; autonomien arteko koordinazioa (irizpide komunak izatea) eta pandemiaren ikuspegi globala, gizarte bakoitzean ez ezik, mundu mailan ere zaurgarrienak babesteak eta talde-babaesa lortzearen garrantziaren jabe".
Bestalde, txertoa aurreratzeari dagokionez, erkidego gehienek gaixotasuna pasa eta bi hilabetera aurreratzea erabaki dute, txertaketa-estrategiak sei hilabeteko epea ezartzen duen arren; Andaluziak eta Murtziak soilik itxarongo diote Osasun Publikoaren Batzordearen irizpideari.