Gizartea
Afganistan
17 errefuxiatu afganiar hartu ditu dagoeneko Hego Euskal Herriak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EAEk 9 pertsona hartu ditu, momentuz, eta familia bereko 8 kide Nafarroan dira dagoeneko.
Hego Euskal Herriak 17 errefuxiatu afganiar hartu ditu dagoeneko. Horietatik 9 EAEn daude, eta familia bereko 8 kideri eman die babesa Nafarroak.
Azken egunetan ehunka pertsona ebakuatu dituzte Afganistandik. Hegazkinak Espainiako Torrejon de Ardoz base militarrean lurreratzen dira, eta handik herrialde ezberdinetara eramaten dituzte errefuxiatu afganiarrak.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuko ordezkariak jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak bederatzi pertsona hartu ditu. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko zentroetan 515 plaza daude errefuxiatuentzat. Gaur egun, 355 beteta daude; beraz, 160 toki daude libre.
Bestalde, atzo iritsi zen Bilbora Nilofar Bayat Afganistango gurpildun aulkiko saskibaloi selekzioko kapitaina eta ekintzailea. Bidaideak BSR taldeak fitxatu du, eta Bilbon biziko da, Ramish senarrarekin batera.
Itxasok Bidaideak taldearen jarrera txalotu du, fitxaketa horrekin aukera berri bat irekiko diolako Bayati. Alabaina, ohartarazi du ehunka direla laguntza behar duten afganiarrak.
"Ezin ditugu ahaztu asko eta asko direla Espainiara eta Europara ekarri eta asiloa eman behar zaien afganiarrak; erronka humanitarioa handia da", erantsi du.
Familia bat Nafarroan
Afganistandik etorritako familia bereko zortzi pertsona hartu ditu Nafarroak, talibanak Kabulera sartu eta boterea hartu zutenetik hartu dituen lehenak.
Zortzi pertsona horiek larunbat gauean heldu ziren Foru Erkidegora, Nafarroako Gobernuak astelehen honetan jakitera eman duenez, eta Espainiako Gobernuarekin eta Foru Erkidegoan lan egiten duten harrera programen ardura duten erakundeekin etengabe koordinatzen ari dela adierazi du.
Eduardo Santos Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak gogorarazi duenez, "Nafarroak beti eskaini izan du laguntza, Morian, Kanarietan edo, orain, Afganistanen bizi diren krisien aurrean; harrera-lur eta portu seguru izan nahi dugulako, jatorrizko herrialdeetatik ihes egin behar dutenentzat, edo, Morian edo Kanarietan bezala, bizitza hobea lortzeko bidean, beren osotasun fisikorako arazo larriak izan dituztenentzat".
Foru Gobernuaren arabera, aurten, errefuxiatuak hartzeko ohiko programaren bidez artatzen ari diren pertsonez gain, Nafarroak Kanarietatik etorritako hogei bat pertsona hartu ditu eta siriar jatorriko bi familia (11 kide, guztira), Tuteran egoitza duen SOMOS Babes Komunitarioko Nafar Programaren baitan.