Itxi

Gizartea

Istiluak

Objektuak jaurti dizkiote Poliziari Oibarren, eta agenteek 13 kale-edanetan esku hartu dute Nafarroan

Agentziak | EITB Media

Azken bi asteetan, Foruzaingoak 169 salaketa jarri ditu, araudia ez errespetatzeagatik: 120 etxeratzeko agindua ez errespetatzeagatik, 26 maskarak ez erabiltzeagatik eta 18 legez kanpoko kale-edanetan parte hartzeagatik, besteak beste.

0:49
Botilak jaurti dizkiote Guardia Zibilari Oibarren, kale-edan batean esku hartzera joan denean

Oibarren (Nafarroa) kale-edana egiten ari zen petsona-talde batek botilak eta beste objektu batzuk jaurti dizkie agenteei, covid-19ari aurre egiteko indarrean dauden osasun-neurriak eta etxeratze-agindua errespetatzen ari ziren egiaztatzera joan direnean.

Testuinguru horretan, Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren aurkako erasoa salatu du SUP Navarrak, Nafarroako Poliziaren Sindikatu Bateratuak. Twitter bidez zabaldutako mezu batean, "erasoa erradikal batzuek" egin dutela nabarmendu dute, eta babesa adierazi die erasoa jasan duten agenteei.

Foruzaingoak ohar baten bidez jakitera eman duenez, 13 kale-edanetan esku hartu du asteburuan, herritarrek eskatuta. Zehazki, zazpi kale-zurruten berri izan du goizaldean, horietako bat Donezteben ehun bat gaztek hilerriaren inguruan bilduta egindakoa.

Ostiral gauean, patruilak mobilizatu zituzten sei udalerritara (Valtierra, Bera, Erriberri, Oibar, Zizur Nagusia eta Uharte), eta hainbat pertsona salatu zituzten etxeratze-agindua ez errespetatzeagatik. Halaber, Milagron, covid-19an positibo emandako gizon bat salatu zuten foruzainek, kalean mozkortuta eta maskararik gabe zegoelako.

Larunbat gauean eta gaur goizaldean, berriz, zazpi kale-edanetan esku hartu dute (Berriozar, Antsoain, Doneztebe, Zangoza, Berbintzana, Sunbilla eta Artaxoa).

Azken bi asteetan, Foruzaingoak 169 salaketa jarri ditu koronabirusari aurre egiteko araudiarekin lotutako arau-hausteengatik; 120 etxeratzeko agindua ez errespetatzeagatik, 26 maskarak ez erabiltzeagatik eta 18 legez kanpoko kale-edanetan parte hartzeagatik, besteak beste.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.