Gizartea
Istiluak
12 atxilotu eta Ertzaintzarekin istiluak Donostian, laugarren gauez
Agentziak | EITB Media
Ertzaintzaren iturrien arabera, atxilotutakoek objektuak jaurti, kontainerrak gurutzatu eta Alde Zaharreko hainbat erakusleiho puskatu dituzte.
Hamabi pertsona, horietako bat adin txikikoa, atxilotu dituzte igande goizaldean Donostiako Alde Zaharrean. Iragan ostegunetik izan dira istiluak, bertan behera utzitako jaien astean.
Ertzaintzaren iturrien arabera, goizaldeko 3:40 aldera jazo dira istiluak. Agenteen bertsioaren arabera, atxilotuek objektuak jaurti dizkiete. Gainera, kontainerrak gurutzatu eta erre dituzte, baita hainbat erakusleihotako kristalak hautsi ere. Gainera, hiru ertzain zauritu dira.
Eneko Goia alkateak, bere aldetik, Udalaren gaitzespen "irmoa" azaldu du sare sozialetan. Hala, idatzi du bart eragindako "kalte ugariek" ez dutela "ez hanka eta ez buru".
Bart izandako istiluak irmo gaitzetsi nahi ditut. Hirian kalte ugari eragiteaz gain, bertako hainbat saltoki erasotu dituzte. Honek ez du ez hanka eta ez buru. Ataques a comercios, policía y destrozos en la ciudad son actitudes que se descalifican solas y sobran en #Donostia.
— Eneko Goia (@EnekoGoia) August 22, 2021