Gizartea
Aste Nagusia
Istilurik gabeko gaua Bilbon, jaiek hasi beharko luketen egunean
EITB Media
Segurtasun Sailak berretsi duenez, gauean zehar pilaketak egon dira Alde Zaharrean.
-
Udaltzaingoa, San Mames inguruan. Argazkia: Bilboko Udaltzaingoa
Koronabirusaren pandemiak bertan behera utzi du, bigarren urtez, Bilboko Aste Nagusia. Hala, larunbat honetan ez da aparteko istilurik egon Bilboko kaleetan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, behin-behineko jende pilaketak izan dira Alde Zaharrean, baina ez da aparteko gertaerarik jazo.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak iragarria zuen abuztuaren 21etik 29ra bitartean "asko" areagotuko direla Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilak kalean, eta hala izan da, polizien presentzia nabarmena izan baita Bilbon azken orduetan.
Dena dela, alkateak ez du egunotan martxan jarriko den dispositiboaren inguruko xehetasunik eman, baina Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean aginte postu aurreratu koordinatu bat sortu dutela aurreratu du, "beharrezkoa denean baliabideak alde batetik bestera mugitzeko".
Testuinguru horretan, arreta berezia izan du larunbatak, jaien hasiera izan beharko lukeen egunean San Mames futbol-zelaian jokatu baitzen Athletic Cluben eta Bartzelonaren arteko partida, 10.000 zaleturekin.