Itxi

Gizartea

Istiluak

15 atxilotu Donostian, desordena publikoengatik eta ertzainei objektuak jaurtitzeagatik

Agentziak | EITB Media

Horietako lau adin txikikoak dira, eta, gainontzeko 11 pertsonekin batera, dagoeneko aske daude. Bestalde, Erkorekak Ertzaintzaren aurkako "erasoak" eta goizaldean Donostian izandako istiluak gaitzetsi ditu.

1:1
Gazteak, Donostian

15 pertsona atxilotu dituzte —horietako lau adin txikikoak— larunbat goizaldean Donostian, desordena publikoa eta Ertzaintzako agenteei objektuak jaurtitzea egotzita.

Segurtasun Saileko iturrien arabera, atxilotuek kontainerrak gurutzatu eta botilak zein beste hainbat objektu jaurti dizkiete agenteei. Donostiako Alde Zaharrean jazo dira istiluak, Andia kalean, 2:30 aldera. Ertzaintzak jakitera eman duenez, istiluen kontrako materiala erabili dute.

Atxilo hartutako 15ak aske gelditu dira arratsalderako, epaitegietako jakinarazpena jasotzeko zain.

Goizaldeko "erasoak" eta istiluak salatu ditu Erkorekak

Bestalde, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Ertzaintzaren aurkako "erasoak" eta goizaldean Donostian izandako istiluak gaitzetsi ditu, eta jarrera horien erantzuleak direnen "erabateko elkartasunik eza" salatu du. Bere iritziz, "elkarbizitza mespretxatzen duten pertsona intoleranteak dira".

Bere esanetan, "gizalegearen aurkako jokabideak dira, pertsona gutxi batzuek egiten dituzten arren, gizarte osoari kalte handia egiten diotenak, eta, bereziki, Donostiako Alde Zaharrean bizi direnei; ordena publikoa aldatuta ikusten dutelako gauero".

"Haien elkartasun eza salatzen dut, egunez egun osasun-araudia errespetatzen saiatzen ari den gehiengoarekin", gaineratu du Erkorekak. Halaber, Ertzaintzari eta Euskadiko udaltzainei ere eskerrak eman dizkie egindako lanagatik, "modu eredugarrian" jokatzen ari baitira.