Gizartea
Koronabirusa
Nafarroako Unibertsitateak ikasleak txertatuko ditu ikasturtearen hasieran
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hezkuntza-zentroak irailaren 1ean hasiko den 2021-22 ikasturterako aurreikusita dituen segurtasun-neurrien berri eman du.
-
Hainbat nafar ikasle, azterketa bat egin aurretik. Argazkia: EFE.
Eskoletarako buelta presentziala eta ziurra izango da Nafarroako Unibertsitatean; izan ere, Foru Gobernuarekin elkarlanean, ikasleak txertatuko dituzte campusean, PCR probak egingo dituzte, eta edukierak mugatuak izango dira.
Unibertsitateak ohar bidez eman du horren berri. 2021-22 ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta hezkuntza-zentroaren apustua da, iaz bezala, "eskola presentzialak, osasun-agintarien aginduei jarraituta betiere, eta malgutasuna izanez, pandemiaren bilakaerara egokitzeko".
Ikasturtearen hasiera segurua izateko eta covid-19a hedatzea ekiditeko, zentroak hainbat neurri ezarri ditu; lehena da Iruñeko campuseko ikasleek aukera izango dutela txertoa jasotzeko Unibertsitateko egoitzan ikasturteko lehen egunetan.
Nafarroako Gobernuak horretarako baimena eman du, eta Gobernuak berak kudeatuko du txertaketa, Unibertsitatearen laguntza izango duela; immunizatuta ez dauden guztiek ahalko dute txertoa eskatu, baita dosi bat jasotzeke dutenek ere.
Horrez gain, eta pandemiak ikasleen artean izandako eragina jakitea xede, txertaketa-egoera egiaztatzeko eskatuko diete ikasleei.
Ildo horretan, eta ikasturte-hasieran berme guztiak ziurtatze aldera, abuztuaren 26tik doako PCR probak egingo dizkiete ikasleei; hori bai, txertaketa-pauta osorik dutenek, gaixotasuna azken 180 egunotan izan dutenek edo azken 72 orduetan egindako PCR negatiboa aurkezten dutenek ez dute izango PCR hori zertan egin.
Beste neurri batzuk berrikusi egin dituzte
Bestalde, hainbat osasun-neurri berrikusi dituzte: edukierak, maskaren erabilera, edo guneen garbiketa, adibidez. Geletan eta mintegietan, edukierak 2020-21 ikasturtean bezalakoak izango dira, hau da, eserlekuen artean 1,5 metroko tartea izango da.
Maskarak derrigorrezkoak izango dira barnealdean, eta kanpoan ere ezin bada bermatu 1,5 metroko aldea. Guneak garbitzen eta aireztatzen jarraituko dute, eta arauari jarraitzeko seinaleak ere izango dira, aurreko ikasturtean ere zeudenez.
Gainera, mediku-bulego birtuala (Covid Gunea) lanean izango da berriro ere. Laguntza ematen jarraituko du, eta ikasleen eta profesionalen kutsatzeak eta kontaktu estuak monitorizatuko ditu.
Iturri horiek ere gogora ekarri dute aurreko ikasturtean Unibertsitateak 4 milioi euro inbertitu zituela covid-10aren aurkako neurrietan. 34 042 PCR probak egin zituzten, eta 10 769 antigeno-test ikasleei eta profesionalei, eta praktika klinikoak egiten ari ziren 1.360 ikasle txertatu zituzten.
Halaber, 750 pertsona baino gehiago artatu zituzten modu presentzialean Covid Gunean; horrek 13.500 posta elektronikori eman zien erantzuna. 1.350 irekiko lanpostu bideratu zituzten campusean, eta geletan 165.500 eskola-ordu eman zituzten.