Itxi

Gizartea

Koronabirusa

10 pertsona atxilotu dituzte Donostian ertzainei objektuak jaurtitzeagatik

E. G. | EITB MEDIA

Atxilotutakoen artean bi adingabe daude. Denak aske geratu dira arratsaldean epailearen aurrean deklaratu ostean.

  • Ertzaintza atxiloketa bat egiten.

    Ertzaintza atxiloketa bat egiten. Artxiboko argazkia: @ErtzaintzaEJGV

Hirugarren egunez jarraian, Ertzaintzak atxiloketak egin ditu Donostiako Parte Zaharrean covid-19ari aurre egiteko ezarritako osasun legedia betearazteko dispositiboaren barruan. 10 pertsona atxilotu dituzte bart, horietako bi adingabeak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Desordena publikoen ustezko delitua egotzi diete denei, agenteei beirazko botilak eta bestelako objektuak botatzeagatik. Adingabeak (17 urtekoak) aske utzi dituzte goizean, gurasoen zaintzapean eta aginte judizialak noiz deituko zain. Gainerako zortziak, adin nagusikoak (18-32 urtekoak), arratsaldean utzi dituzte libre Donostiako Guardiako Epaitegian deklaratu ostean.

Iturrion arabera, gertakariak 03:00ak aldera jazo dira. Patruilak Juan de Bilbao kalean barrena zebiltzala, hainbat gaztek objektuak jaurti dizkiete. "Istilu horren ostetik, gazteak inguruko kaleetatik barreiatu dira, eta Boulevard inguruan paper-ontziren bat erre eta objektuak botatzen jarraitu dute". Une horretan, Ertzaintzak aurre egin die erasotzaileei, istiluen kontrako materiala erabilita. Lau agentek kontusioak dituzte.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak, "gizalegearen aurkako portaerak" gaitzetsi ditu eta Ertzaintza eta udaltzaingoak zoriondu ditu "ezohikoak eta zailak diren une hauetan segurtasun publikoaren erronkari ematen ari diren erantzun eredugarriagatik".

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, osasun arrazoiengatik "mugak mespretxatzeaz haratago", Alde Zaharreko bizilagunekin "elkarbizitzarekiko mespretxu sakona" erakusten dute.

Foruzaingoak jendetza sakabanatu du Iruñean

Iruñean, Foruzaingoak eta Iruñeko Udaltzaingoak ere Alde Zaharrean jardun behar izan dute gaur goizaldean jendetza bildu baita, eta pilaketak sakabanatu behar izan dituzte. Twitterren zabaldu dutenez, hainbat pertsonak objektuak jaurti dituzte Foru Parlamentuaren inguruan. Ez dute inor atxilotu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.