Itxi

Gizartea

AFGANISTAN

Afganistango errefuxiatuak hartzeko prest daude EAEko eta Nafarroako gobernuak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bi gobernuek kezka agertu dute Afganistanen gertatzen ari denarekin, talibanak boterera iristearekin bat gertatzen ari diren giza eskubideen urraketei dagokionez zehazki, eta, modu berezian, emakume eta neskatoen kasuan. 

  • Hainbat pertsona, Kabulgo aireportuan

    Hainbat pertsona, Kabulgo aireportuan. Argazkia: EFE.

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua prest agertu dira Afganistango errefuxiatuak hartzeko Asiako herrialde horretan bizi duten egora latza dela eta; prestutasun horren berri eman dio Espainiako Gobernuari.

Bi gobernuak kezkatuta daude Afganistanen gertatzen ari denarekin, talibanak boterera iristearekin bat gertatzen ari diren giza eskubideen urraketei dagokionez zehazki, eta, modu berezian, emakume eta neskatoen kasuan. 

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak ohar batean gaineratu duenez, Jaurlaritzak pertsona horientzako plazak jarri ditu Espainiako Gobernuaren esku, nazioarteko babesa eskatzen dutenentzat erkidegoak dituen baliabideen barruan.

Legarretak gogorarazi du Euskadi "herrialde solidarioa izan dela eta dela" eta "erantzukizun partekatua banatzeko mekanismo zehatzen beharraz gain, krisi humanitario honen aurrean erantzun solidarioa emateko konpromisoa· hartzen duela.

Ildo horretan, defendatu du Afganistanen kasuan erabilgarria dela Eusko Jaurlaritzaren "Share" proposamena EBko kide diren herrialdeen arteko erantzunkidetasunaren printzipioa artikulatu ahal izateko, gerratik eta pobreziatik ihesi Europara iristen diren pertsonak herrialde desberdinetara bideratzeko, herrialde bakoitzeko aberastasunaren, biztanleriaren eta langabezia-indizearen arabera.

Bestalde, Maria Chivite Nafarroako presidenteak azpimarratu duenez, "Afganistanek bizi duen egungo egoerak, nazioarteko babes faltak eta talibanek boterea hartzeak hondamendi humanitario bihurtzeko mehatxua egiten du, eta ezin gara geldik egon".

Nafarroako Gobernuak "Europako erantzun koordinatuaren" alde egin du, "Europar Batasuneko erakunde eskudunen esparruan, solidaritate-mekanismoa aktibatzeko eta aldi baterako ezohiko neurriak aplikatzeko, hala eskatzen duten Afganistango herritarren migrazioaren eta asiloaren arloko ezinbesteko kausari aurre egiteko".