Gizartea
Unibertsitateak
Munduko 400 unibertsitate onenen artean finkatu da EHU
EITB Media
Euskal Herriko Unibertsitatea duela bederatzi urte sartu zen Shanghaiko sailkapenean, 500 onenen artean, eta iaz 400 onenen artean kokatu zen. Estatu espainiarreko zortzi zentro baino ez daude talde horretan.
-
EHUren Leioako campusa. Argazkia: EHU.
Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) munduko 400 unibertsitate onenen artean mantendu da, Shanghaiko sailkapena egin duen Academic Ranking of World Universities (ARWU) erakundearen arabera.
Eva Ferreira euskal unibertsitate publikoko errektoreak gogoratu duenez, ranking hori mundu osoko 20.000 unibertsitate baino gehiago aztertzen dituen ebaluazio "oso zorrotza" da, eta 400 onenen artean mantentzea "arrakasta oso garrantzitsua" da, "nazioartean ikusgarritasun eta ospe handiagoa" ematen baitu.
Aurten, Harvard University da munduko zerrendaburua hemeretzigarren urtez jarraian, eta haren atzetik daude Cambridge, Massachussetseko Institutu Teknologikoa, Berkeley, Princeton, Oxford, Columbia, Caltech eta Chicago.
Espainiar Estatuan, Bartzelonako Unibertsitatea baino ez dago munduko goi-mailako irakaskuntzako erakunde onenen zerrendako 151-200 artean. Ondoren, 201-300 postuetan, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Madrilgo Complutense eta Granadako Unibertsitatea daude.
EHUrekin batera, tarte berean daude (301-400) Valentziako Unibertsitatea, Madrilgo Autonomoa eta Valentziako Politeknikoa.