Gizartea
EZ JAIAK
Gazte taldeek harriak eta objektuak jaurti dizkiote Ertzaintzari Donostian, Gorlizen eta Portugaleten
Agentziak | EITB MEDIA
Gorlizko Pinudian lau pertsona identifikatu dituzte, Ertzaintzari harriak eta objektuak jaurtitzen parte hartu dutelakoan. Halaber, zortzi pertsona atxilotu dituzte Donostian, eta horietako erdiei ebasketa delituak egotzita.
Aurreko egunetan bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko jai ugari ospatzea aurreikusita zeuden egunetan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak esku hartu duen hainbat istilu izan dira.
Gazte taldeek harriak eta objektuak jaurti dizkiote Ertzaintzari bart, Donostian, Gorlizen eta Portugaleten, poliziak indarrean dagoen osasun-araudia betearazteko lanean ari zirenean.
Goizaldeko 01:20an, Azkoitian, polizia-ibilgailu batean patruilatzen ari zen Ertzaintzako agente bat zauritu dute buruan, garagardo lata bat jaurtitzeagatik. Ustezko erasotzailea ezin izan dute aurkitu, jendetzaren artean ihes egin duelako.
Bestalde, Debako bizilagun batzuek, goizaldeko 03:45ean, herriko hondartzan botiloi bat egiten ari zirela ohartarazi dute. Polizia bertaratu da, eta megafonia bidez ezarritako osasun-neurrien berri eman diete bertaratutakoei.
Handik gutxira, Donostiako Udaltzaingoaren patruilei edalontziak eta botilak jaurti dizkiete, Alde Zaharreko Trinitate Plazan izandako istilu batean. Gertaeran bi talderen arteko liskarra izan da eta gazte batek zauriak izan ditu eskuan. Ertzaintzaren hainbat patruilen jardunak liskarrak desegitea lortu du.
Era berean, zortzi pertsona atxilotu dituzte bart Donostian, erdiak ebasketa delituak egotzita, Gipuzkoako hiriburuko 'ez-jaien' lehen egunean. Gainerako atxiloketak osasunaren aurkako delituengatik, lesioengatik, agintaritzaren agente bati eraso egiteagatik eta urruntze agindua urratzeagatik izan dira.
Bizkaiari dagokionez, Portugaleteko Solar Plazan eta Canilla pasealekuan jende ugari bildu da. Udaltzainek ingurua hustu behar izan dute eta objektuak jaurti dizkiete agenteei.
Halaber, Gorlizko pinudian ere istiluak izan dira goizaldeko 02:30ak aldera. Gazte talde batek Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko agenteei aurre egin die.
Azkenik, lau pertsona identifikatu dituzte agenteen aurka harriak eta objektuak jaurtitzeagatik, eta desordena publikoengatik dagozkien izapideak irekiko dizkiete.