Gizartea
Koronabirusa
Kutsatzeak 213ra jaitsi dira Nafarroan baina pertsona bat hil da covid-19ak jota
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
ZIUetako okupazioak gora egin du (23 ohetik 25era), beste bi gaixo berrirekin.
-
Laborategiko langile bat, proba batzuekin. Argazkia: EFE
213 koronabirus kasu zenbatu dituzte azken orduetan Nafarroan 1.724 proba diagnostiko egin ondoren (positibotasun tasa % 12,4), Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Bestalde, pertsona bat hil da eta guztira 1.207 lagun hil dira pandemia hasi zenetik.
Bezperako datuekin alderatuta, 31 positibo gutxiago dira. Duela astebeteko datuak (217 kutsatze) ia berdindu ditu zenbakiak, baina duela 14 egun baino 179 gutxiago dira.
Tutera da udalerririk zigortuena, 23 kasu atzeman baitituzte bertan. Tarte batera ageri dira Zizur Nagusia (10) eta Barañain, Azagra eta Fustiñana (9).
Erietxeetan, gela arrunten egoera egonkor dago (96 pertsona), bederatzi ospitaleratze izan badira ere. Dena dela, ZIUetako okupazioak gora egin du, azken orduetan bi gaixo larri gehiago baitituzte (25 dira orain).
Azkenik, txertaketari dagokionez, atzokoan 6.495 dosi jarri zituzten, eta 429.647 nafarrek dute jada pauta osoa.