Gizartea
Koronabirusa
Osasun Publikoaren euskal lege-aurreproiektuaren zirriborroak txertaketa nahitaezkoa izatea jasotzen du
Agentziak | EITB Media
Testu hori kontsulta publikoaren fasean egongo da abuztuaren amaierara arte. Fase hori gainditu eta Gobernu Kontseiluak argi berdea eman ondoren, Eusko Legebiltzarrera bidaliko dute organo horrek izapidetu dezan.
Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Osasun Publikoaren lege-aurrreproiektuaren zirriborroak txertoa hartzea derrigorrezkoa izateko asmoa jasotzen du herritarren osasunerako arrisku larria dagoenean. Horren adibide izango litzateke, esaterako, egun covid-19aren pandemiak sortutako egoera.
Testu hori kontsulta publikoaren fasean egongo da abuztuaren amaierara arte. Fase hori gainditu eta Gobernu Kontseiluak argi berdea eman ondoren, Eusko Legebiltzarrera bidaliko dute organo horrek izapidetu dezan. Legegintza-egutegiaren arabera, proiektua 2021eko azken seihilekoan bidaliko da Ganberara.
Eusko Legebiltzarrak ekainean onartu zuen pandemiaren aurkako legean ez da jasotzen txertoa hartzeko derrigortasuna, baina bai Osasun Saila gaur egun prestatzen ari den Osasun Publikoaren lege-aurreproiektuaren zirriborroan. EAJk eta PSE-EEk adostutako gobernu-akordioan jasota dago arau hori.
Nolanahi ere, lege-aurreproiektuaren zirriborroaren manu hori aldatu ahal izateko denbora dago oraindik, eta, Galizian gertatu den bezala, lege-aurreproiektuak aurrera egiteko zailtasunak izan ditzake. Erkidego horretan, Alberto Núñez Feijooren exekutiboak txertaketa legez ezarri nahi zuen, eta txertoa hartzeari uko egiten diotenentzako zigorrak aurreikusi zituen.
Horren aurrean, Pedro Sanchezen gobernuak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean. Edonola ere, azkenean bi administrazioek akordioa lortu zuten epaitegietara jotzea saihesteko, eta Galiziako Gobernuak onartu egin zuen arauan argi jasota uztea txertoa hartzea "borondatezkoa" dela.