Gizartea
Koronabirusa
Lau pertsona hil dira Bizkaiko eta Nafarroako adinekoen egoitzetan
Agentziak | EITB Media
Gipuzkoako zahar-etxeei dagokienez, berriz, 17 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan.
Hego Euskal Herriko adinekoen egoitzetan lau pertsona hil dira azken orduetan: bi Bizkaian eta beste bi Nafarroan.
Bizkaiko zahar-etxeetako bi egoiliar hil dira azken orduetan covid-19aren eraginez eta beste bi ospitaleratuta daude koronabirusarekin. Testuinguru horretan, Bizkaiko egoitza-zentroen sareko egoiliarren artean 44 positibo atzeman dituzte (guztiek hartuta zuten gaitzaren aurkako txertoa). Langileen artean ere hainbat kasu baieztatu dituzte; beste 44, hain zuzen ere.
Bizkaiko Foru Aldundiak astearte honetan jakitera eman duenez, hildako bi egoiliarrek eta ospitaleratutako beste biek "patologia larriak" zituzten covid-19arekin kutsatu aurretik.
Bestalde, Bizkaiko zahar-etxeetan lan egiten duten 43 behargin isolatuta daude une honetan (horien artean ez dago diagnostiko positiborik).
Gaur egun, Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzuak zehaztu duenez, bost zentrotan daude kutsatuak: 22 Bilboko Misericordian, 11 Getxoko San Esteban egoitzan, 5 Barakaldoko Sanitasen, 5 Mundakako Gure Etxean eta 1 Barakaldoko Miranda Fundazioan.
Gipuzkoako zahar-etxeei dagokienez, 17 positibo atzeman dituzte azken orduetan: 13 Irungo Ama Xantalen egoitzan, 3 Oiartzungo Petra Lekuonan eta 1 Villabonako Santiagon. Aldundiaren arabera, guztiek jaso zuten koronabirusaren aurkako txertoa, eta ez dute sintomarik. Bestalde, gaixo bat sendatu da Irungo Inmaculada egoitzan.
49 kasu berri zenbatu dituzte Nafarroan
Bestalde, abuztuaren 2tik 8ra bitarteko astean, 49 positibo berri atzeman dituzte Nafarroako zahar-etxeetan, eta bi egoiliar hil dira. Horrela, guztira 77 kasu aktibo daude une honetan (lau egoitzatan).
Gaixotutako 77 pertsonetatik 18k ez dute sintomarik, 45 egoitza-zentroan daude, 10 bitarteko zentroetan eta 4 ospitaleratuta.
Aipatutako epe horretan, bi pertsona hil dira; beraz, guztira lau egoiliar hil dira koronabirusaren bosgarren olatuan.
Nafarroako zahar-etxeetan lan egiten duten beharginei dagokienez, joan den astean 12 kasu positibo atzeman ziren; beraz, gaur egun 40 pertsona daude bajan covid-19a dela eta. Horietatik 23k koronabirusaren sintomak dituzte eta 17k ez dute birusaren zantzurik.
Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak "prebentzio-neurriak zorrozteko" eskatu die herritarrei, bereziki zahar-etxeetan lagun eta senideei egiten zaizkien bisitetan.
"Txertoak gaixotasunaren sintomak eta larritasuna murrizten baditu ere, oso arduratsuak izan behar dugu, eta, beraz, beharrezkoa da gizarte osoak prebentzio-neurriak zorroztea", azpimarratzen du Foru Gobenruak.