Itxi

Gizartea

Koronabirusa

EAEko ospitaleetako egoera gehiago tenkatu da, eta 69 pertsona daude ZIUn

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Astelehenean 56 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, bezperan baino 26 gehiago. Larri dauden 69 gaixoetatik bi haurdun daude. Metatutako intzidentziak, bien bitartean, jaisten jarraitzen du (660 puntuan dago).

  • Basurtu Ospitaleko ZIU bat.

    Basurtu Ospitaleko ZIU bat. Argazkia: EFE

Hobetzen ari diren zantzuak topa ditzakegu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) atzemandako positibo berrien kopuruari dagokionez (687, astelehen honetan) eta azken 14 egunetan pilatutako tasari erreparatuta (100.000 biztanleko 660 kasu). Halere, goiz da oraindik hobekuntza hori erietxeetan igartzeko; aitzitik, okupazioak gora egin du azken orduetan.

Astelehenean 56 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, bezperan baino 26 gehiago. ZIUetan dauden gaixo larrien kopurua hazi egin da, 66tik 69ra igarota. Dena dela, igandean bezalatsu, 285 pertsona daude Osakidetzako ospitaleetan.

Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak aurreratu ditu datuok, prentsaurrekoan. Zehaztu duenez, 69 eri larri horietatik bi haurdun dauden emakumeak dira (joan den astea baino bat gehiago). Quintasen esanetan, erietxeratutako pertsonen batez besteko adina 54 urtera jaitsi da.

Grafikoan ikus daitekeenez, uztailean hasi zen ZIUen okupazioa igotzen:

Pandemiaren gainerako adierazleak buletin epidemiologikoan jakinarazi dituzte, eta bilakaera positiboagoa izan dute. EAEk 687 positibo berri zenbatu ditu, bezperan baino ehun bat gehiago, baina duela aste batzuk baino gutxiago (duela astebete 907 izan ziren, eta duela 14 egun, 1.200). Kutsatzeek gora egin dute hiru lurraldeetan, baina Bizkaian hazi dira gehien (393, bezperan baino 80 gehiago). Gipuzkoan 193 kasu zenbatu dituzte (21 gehiago) eta Araban, 87 (bederatzi gehiago). Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren 14 pertsonak (igandean baino bost gutxiago) positibo eman dute proban.

Birusaren transmisio maila neurtzen duen indizea (positibo batek zenbat pertsona kutsatzen duen adierazten duena) ez da aldatu azken 24 orduetan (0,86) eta 1etik behera dago (epidemiologoek onargarritzat jotzen dute hortik behera). 

Azken 14 egunetako intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du, eta 100.000 biztanleko 660 kasutan dago (igandean baino 23 puntu beherago). Araban zein Gipuzkoan pilatutako tasa batez besteko horretatik behera dago (520 eta 580 kasu, hurrenez hurren), baina Bizkaiak ez du oraindik 700eko langatik jaistea lortu (100.000 biztanleko 721 kasu ditu).

Koronabirusaren semaforoan, alegia, herriz herriko datuetan, ez da aparteko aldaketarik egon, eta 68 udalerri handi daude oraindik gunerik latzenean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.