Itxi

Gizartea

Eguraldia

Udako lehen bero-boladak 38,3 ºCko maximoak utzi ditu Kanpezun

EITB Media

Erriberan eta Nafarroako erdialdean alerta laranja ezarri dute. Araba eta Pirinioak, bestalde, abisu horian izango dira. Bihar eta etzi sargori egiten jarraituko du.

1:14
Siracusa. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

Udako lehen beroaldia izango den honek 35 ºC-tik gora igoarazi ditu termometroak Nafarroan eta Araban. Are gehiago, Erriberan eta Nafarroako erdialdean gorago koka daitezke (39-40 ºC), eta, hori dela eta, alerta laranja ezarri du Aemet Espainiako Estatuko Meteorologia Agentziak. 

Beroa itogarria izan da Euskal Herriko barnealdean. Horrela, Kanpezuk (Araba) Euskadiko tenperaturarik altuena izan du (38,3 ºC). Moredak (37,4 ºC), Zambranak eta Espejok (35,3 ºC), Agurainek (34,7 ºC) eta Gasteizek (30,2 ºC) jarraitu diote.

Nafarroan ere tenperaturak ez dira 40 ºC-ra iritsi, baina ez dira urruti ibili. Tuteran eta Bardean, merkurioak 39,5 ºC-an gelditu dira, eta gauean ere ez da espero beroak atedenik ematea, 20 ºC-ko minimoak aurreikusi baitira lurralde ia guztian.

Aemeten iragarpenaren arabera, bero-boladak bete-betean eragingo dio Nafarroari, eta iparraldean ez beste gainerako eskualdeetan muturreko tenperaturak izango direla ohartarazi ditu. Esan bezala, ostegunean alerta laranja izan da Nafarroako erdialdean eta Erriberan. Pirinioetan 35 ºC-ko maximoak neurtu dituzte, eta, ondorioz, abisu horia aktibatu dute.

Ipar Euskal Herrian ere, abisu horia ezarri du Meteofrancek ekaitzak izateko arriskuagatik.

Halaber, baso-sute arriskuagatik ere abisua ezarriko dute 20:00ak arte Ebro inguruetan, tenperatura altuagatik, hezetasun erlatibo baxuagatik eta haize biziagatik.

Ostiralean ere bero sapa espero da, maximoek graduren bat behera egingo badute ere. Hala, Erriberan alerta laranja (39 graduko maximoak) eta Nafarroako erdialdean eta Pirinioetan abisu horia ezarriko dute (38 eta 35 ºC, hurrenez hurren). 

Larunbatean, berriz, alerta laranja ezarriko dute berriro ia Nafarroa osoan (Erriberan, lurraldearen erdialdean eta Pirinioetan) muturreko tenperatura altuengatik. 37-40 ºC-raino igo daitezke maximoak, eta Nafarroan tenperaturak 42 ºC-raino iristea espero da, azken iragarpenen arabera.

Tenperaturek markak hautsi dituzte Europan eta Afrikan

Europako zati handi bat ere tenperatura itogarriak jasaten ari da. Munduko Metereologia Agentziaren baieztapenaren faltan, Siziliak (Italia) tenperatura errekorra erregistratu du Europan, 48,8 ºC-rekin ostegun honetako 14:00etan. Hala, 1977an Atenasen (Grezia) jarritako marka gainditu du, 48 ºC-ko tenperaturarekin.

Muturreko beroagatiko abisuak Europako beste leku batzuetara ere zabaldu dira. Bosnia-Herzegovinak, Bulgariak, Greziak, Errumaniak, Serbiak eta Turkiak 'Lucifer' izeneko bero-boladaren mehatxupean jarraitzen dute. Turkian eta Grezian, gainera, herrialdea suntsitzen duten suteak direla eta, hainbat eskualde hustu behar izan dituzte.

Afrikari dagokionez, Tunisiak marka hautsi du bigarren egunez jarraian. Merkurioa 50,2 ºC-ra iritsi da bertan ostegunean, eta, hala, kontinenteko tenperaturarik altuena eta munduko bigarren tenperaturarik altuena izan dute bertan. Antzeko balioak 2005ean erregistratu ziren azkenekoz, Saharako basamortutik gertu.