Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Gipuzkoako zahar-etxe bateko egoiliar bat hil da, lehena covid-19aren bosgarren olatuan

Agentziak | EITB Media

Hildakoa joan den astean ospitaleratu zuten, gaitz "larriak eta kronikoak" baitzituen. Gaur egun, Gipuzkoako zahar-etxeen sarean 23 positibo daude, azken orduetan bost kasu berri baieztatu ostean.

  • Adineko pertsona bat. Artxiboko argazkia: EFE

    Adineko pertsona bat. Artxiboko argazkia: EFE

Zizurkilgo (Gipuzkoa) Fraisoro zahar-etxeko egoiliar bat hil da koronabirusaren eraginez, Gipuzkoako Foru Aldundiak astelehen honetan jakitera eman duenez.

Hain zuzen ere, pandemiaren bosgarren olatu honetan Gipuzkoako zahar-etxe batean hil den lehen egoiliarra da. Hildakoa joan den astean ospitaleratu zuten, gaitz "larriak eta kronikoak" baitzituen.

Gaur egun, Gipuzkoako zahar-etxeen sarean 23 positibo daude, azken orduetan bost kasu berri baieztatu ostean (guzti horiek Villabonako Santiago zahar-etxean).

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, kutsatutako egoiliar guztiak Eibarren eta Ordizian prestatutako erreferentziazko zentroetan daude.

Testuinguru horretan, orain arte atzeman dituzten 23 positibo horiek sei zentrotan daude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.