Gizartea
Koronabirusa
Etxeratze agindua beste aste bat luzatzea eskatuko du Nafarroako Gobernuak
Agentziak | EITB Media
Gauez mugitzeko debekua udalerri askotan egongo litzateke indarrean, abuztuaren 15eko jaiaren ondorioz. Remirez kontseilariarentzat, "kutsatzeko arriskua duten espazioak gutxitzeko" oso neurri eraginkorra izaten ari da.
-
Iruñea, etxeratze agindua indarrean dagoela. Argazkia: EFE
Nafarroako Gobernuak bihar, asteartea, eskatuko du etxeratze agindua beste astebetez luzatzea, pandemia eragin handiena izaten ari den udalerrietan eta ohiko egoera batean euren jaiak ospatuko lituzketen herrietan, Javier Remirez Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak baieztatu duenez.
Irailaren 2ra arte egongo dira indarrean Nafarroan establezimenduetako aforoak eta beste ekitaldiak murrizten dituzten neurriak, baina gauez mugitzeko debekua astero onartu behar du Nafarroako Auzitegi Gorenak. Aste honetan, gainera, asko dira jaiak ospatuko lituzkeen udalerriak, abuztuaren 15eko jaiegunagatik.
Azken asteetan, etxeratze aginduak milioi erditik gora pertsonari eragin die Nafarroan eta, Remirezen arabera, "oso eraginkorra" izan da " kutsatzeko arriskua duten espazioak gutxitzeko".
Kontseilariarentzat, "herritarren gehiengo handia neurriak betetzen ari da", baina onartu du "batzuetan salbuespenak" daudela. Horregatik, etxeratze agindua "oso erreminta eraginkorra izaten ari da kutsatzeen gorakada ekiditeko eta, ondorioz, ospitaleetako presioarena, hori baita kezkatzen jarraitzen gaituena, azken egunetan kutsatze kopuruan beherakada egon den arren".
Horrela, Poliziek desegin dituzten botiloiei buruz galdetuta, Remirezek baliotan jarri du "gazte gehienen erantzukizuna". Kontseilaria ez dago ados oraingo olatuari "gazteen olatua" deitzen diotenekin. "Olatu hau txertatuta ez daudenena da, ez jende gaztearena", esan du.