Itxi

Gizartea

GIPUZKOA

Ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute Irunen, Bidasoa ibaian hildako migratzailearen heriotza salatzeko

Agentziak | EITB MEDIA

Anaitze Agirre Irungo Harrera Sareko bozeramaileak ohartarazi duenez, gertatutakoa "ez da ustekabekoa", "erantzukizunak" daudelako.

0:36
Elkarretaratzea Irunen. Irudia: EITB Media

Ehunka pertsonak elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Irunen, Bidasoa igerian zeharkatzen saiatzen ari zela hil zen migratzailearen heriotza salatzeko.

Biktima igande goizean ito zen Bidasoa ibaia igerian zeharkatu nahi zuenean Irundik Hendaiara, beste gizon batekin batera.

Irungo Harrera Sareak San Juan Plazan egin du elkarretaratzea "Ongi etorri, errefuxiatuak" leloa irakur zitezkeen pankartekin. Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere bat egin dute deialdiarekin eta gertatutakoaren aurren atsekabea agertu dute.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak ekitaldian adierazi duenez, "Europako migrazio-politika bat dago hemen, eta hori da aldatu behar dena, eta estatuen arteko koordinazioa beste modu batera bideratu behar da, bizi izan dugun egoera hau saihesteko, bereziki kasu honetan Espainian eta Frantzian".

Aurretik, Irungo Udalak gertatutakoa salatu du, Udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko guztiek onartutako adierazpen instituzional baten bidez. Europako migrazio-politikarik ezak hainbat pertsona "euren bizitza arriskua jartzera eramaten" dituela nabarmendu dute.

Bestalde, Kotte Ecenarro Hendaiako zinegotziak "erantzukizuna" eskatu dio Europari eta migratzaileen bidea erraztu dezala eskatu dio.

Lurrean loreak eta kandelak zituztela, parte-hartzaileek biktimaren heriotza deitoratu dute. Oraindik ez dute gorpua identifikatu, eta, horrenbestez, Segurtasun Sailak ikertzen jarraitzen du.

Bidasoa ibaian, Espainia eta Frantzia arteko mugan, hiru hilabete baino gutxiagoan gertatzen den bigarren heriotza da igande honetakoa.

Gainera, astelehen honetan, Bidasoa igerian zeharkatzen ari zen 19 urteko mutil bati lagundu behar izan dute suhiltzaileek Santiago Aurrea uharte txikian, baina ez du ezbeharrik izan. Hala ere, Segurtasun sailak esan duenez, ez da bidean zegoen migratzaile bat, mugaz bestaldeko familiari bisita egin nahi zion gazte bat baizik, muga lurretik zeharkatu ezin zuela ikusita, ibaitik zeharkatzen saiatu dena.