Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Hegoaldeko 12 urtetik gorakoen % 70 baino gehiago erabat immunizatuta daude jada

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Espainiako Estatuko batezbestekoa % 67,1ekoa da kolektibo horretan. Frantziako Estatuan, 18 urtetik gorako herritarren % 67,5 erabat immunizatuta daude, % 73,3 Pirinio Atlantikoetan (Iparraldea eta Bearno).

  • Osasun langile bat gazte bat txertatzen: EFE

    Osasun langile bat gazte bat txertatzen: EFE

28.255.949 pertsona, Espainiako Estatuko biztanleriaren % 59,5, erabat immunizatuta daude covid-19aren aurkako txertoren batekin, abuztuaren 6an, ostiralean, eguneratutako azken datuen arabera. Kontuan hartuta oraingoz 12 urtetik gorakoentzat bakarrik daudela txertoak baimenduta, eta adin horretatik gorakoak bakarrik ari direla txertatzen, "populazio txertagarriaren" % 67,1 legoke, beraz, pauta osoa hartuta; hasiera batean taldeko immunitatea ahalbidetuko lukeen zifra gisa definitutako % 70etik oso gertu. Nolanahi ere, ehuneko hori gorantz berrikusten ari dira, orain, batez ere koronabirusaren delta aldaeraren hedapenaren ondorioz.

Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan gainditu da jada % 70eko kopurua 12 urtetik gorakoen artean.

EAEko 12 urtetik gorako herritarren % 71k dute pauta osoa eta % 78,1ek, gutxienez, dosi bat (EAEko biztanleria osoa kontuan hartuta, % 63,5ek izango lukete pauta osoa, eta % 69,7k dosi bat gutxienez).

Nafarroan, 12 urtetik gorako herritarren % 70,3k dute pauta osoa, eta % 78,7k, gutxienez, dosi bat (Nafarroako biztanleria osoa kontuan hartuta, % 61,8k lukete pauta osoa eta % 69,1ek, gutxienez, dosi bat).

Talde immunitatearen zifra handitu beharko da

Delta aldaerak hartu duen indarraren ondorioz, MOEk jakinarazi du txertaketa-estaldura handiagoa beharko dela covid-19aren hedapena geldiarazteko. Ildo horretan, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak talde immunitatearen ehuneko berria zehaztu ez badu ere, txertaketa-kanpaina ez dela amaituko herritarren % 70 immunizatzearekin argitu du. Izan ere, helburua "ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta jende gehien txertatzea" da.

Horretarako, abuztuan iristekoak diren covid-19aren aurkako txertoen kopurua areagotu egingo da eta Pfizer-BionTechen 3,4 milioi dosi gehiago jasoko dira, adibidez. Dosi horietatik 1.150.000 igande honetan bertan iritsiko dira eta 140.000 Euskadira bideratuko dira. Abuztuan 16 milioi dosi jartzea espero da Estatu osoan, lehen eta bigarren inokulazioen artean.

Horietako asko txertaketa-agendan sartu berri diren herritar gazteenentzat izango dira. Hala, dosi gehigarriek kolektibo horren txertaketa bizkortzeko balioko dute, kutsatze-indize handienak erregistratzen jarraitzen baitute gazteenek.

Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera, 100.000 biztanleko azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 593 kasukoa da Espainiako Estatuan; 676 kasukoa da EAEn eta 717koa Nafarroan.

Ipar Euskal Herriak ere Frantziako Estatuko batezbestekoa baino txertaketa datu hobea du

Frantziako Estatuko datuei dagokienez, 18 urtetik gorako herritarren % 67,5ek dute covid-19aren kontrako txertaketa osoa amaituta, Frantziako Gobernuak bere webgune ofizialean jakitera eman duenez. Ekainaren 15ean eman zieten txertoa hartzeko aukera 12 eta 18 urte bitarteko nerabeei, baina ez dute datu hori gehitu.

Txertaketaren datuak are handiagoak dira Ipar Euskal Herrian. Izan ere, Iparraldea eta Bearno barne hartzen dituen Pirinio Atlantikoetako 18 urtetik gorako biztanleen % 77,3 erabat immunizatuta daude.

Frantziako Osasun Ministerioaren datuen arabera, intzidentzia metatua 229,56 kasukoa da Frantziako Estatuan, eta 275,92koa Pirinio Atlantikoetan.

Emmanuel Macronen Gobernuak hainbat neurri gogor hartu ditu azken asteotan, txertaketa indartzea helburu, eta ostegunean onespena eman zien Frantziako Kontseilu Konstituzionalak. Hala, besteak beste, astelehenetik aurrera covid ziurtagiria edo "osasun pasea" aurkeztu beharko dute herritarrek taberna edo jatetxeetara joateko, ospitaleetara sartzeko edo eta herrialde barruan bidaiatzeko.

Uztailaren 21etik, jabeak txertaketa-pauta osoa duela edo kutsatuta ez dagoela ziurtatzen duen dokumentu hori derrigorrezkoa zen espazio publikoetan sartzeko, baina astelehen honetatik, abuztuaren 9tik, aurrera, esparru gehiagotara zabalduko da.

Gainera, beranduenez urriaren 15erako erabat txertatuta egotea agindu diete osasun-langileei.

Protestak izan dira asteburu honetan erabaki horren aurka.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.