Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Covid ziurtagiri digitala, non eta zertarako da beharrezkoa?

I. R. | EITB Media

Europar Batasunaren barruan zirkulazio askea sustatzeko ezarri zenetik, ziurtagiria hainbat herrialdetan zabaltzen ari da aisialdiaz gozatu ahal izateko edo ostalaritza-establezimenduetan sartzeko.

  • Covid ziurtagiri digitala. EITB Mediako artxiboko irudia.

    Covid ziurtagiri digitala. EITB Mediako artxiboko irudia.

Alemania, Frantzia, Grezia, Irlanda eta Italia dira taberna, jatetxe, gimnasio, kirol-instalazio edo kultur-ekitaldietara joateko covid edo osasun ziurtagiriak nahitaezko bihurtu dituzten Europako herrialdeetako batzuk. Espainiako Estatuan, ordea, Gobernuak autonomia-erkidegoen esku utzi du leku publiko edo aisialdiko jarduera jakin batzuetara sartzeko neurriak ezartzeko erabakia. Hala, Galiziak eta Kantabriak ildo horretan aurrerapausoak eman dituzte dagoeneko; Kataluniak eta Valentziak, berriz, covid ziurtagiriaren erabilera Espainiako Gobernuak berak arau dezala eskatu dute. Kanarietan, aldiz, ezarritako neurriak bertan behera utzi ditu Auzitegi Nagusiak, eta Andaluzian epaitegien bermearen zain daude.

Baina, zer da covid ziurtagiria? Dokumentu digital bat da, Europar Batasuneko herrialdeen artean bidaiatzeko aukera ematen duena. Era berean, erabiltzaileak covid-19aren aurkako txertoak jaso dituela, gaixotasuna gainditu duela edo azken 48/72 orduetan proba negatiboa duela egiaztatzen du.

Hasiera batean, ziurtagiri hori Europako herrialdeen arteko zirkulazio askea bermatzeko sortu bazen ere, pixkanaka, gobernu batzuk hori eskatzen hasi dira leku publiko jakin batzuetara sartzea ahalbidetzeko ere.

Espainiako Gobernuak uko egin dio dokumentu hori Estatuan nahitaezko bihurtzeari, baina, hala ere, atea zabalik utzi die autonomia-erkidegoei, beren osasun-eskumenen barruan, eskatu ahal izateko. Kasu horretan, ziurtagiriaz gainera, edozein proba diagnostiko negatibo ere baliozkotzat jotzen hasi dira.

Galiziak eta Kantabriak alerta maila gorenean dauden udalerrietan ezarri dute neurria. Galizia izan zen lehena, eta uztailaren 24tik derrigorrezkoa da covid ziurtagiria edo test negatibo bat aurkeztea ostalaritzako lokaletan sartzeko. Kantabriak, ordea, iragan ostegunean ezarri zuen baldintza bera.

Bien bitartean, Kanarietako Gobernuak eskatutako neurri horiek bertan behera utzi zituen Kanarietako Auzitegi Nagusiak uztailaren 29an, kautelaz. Andaluzian, berriz, bertako Justizia Auzitegi Nagusiaren bermearen zain daude astelehenetik; gaueko aisialdiko lokaletan sartu ahal izateko agiria erakutsi beharra ezarri nahi dute.

Ipar Euskal Herrian, eta Frantziako Estatu osoan, osasun-ziurtagiria eskatuko da (berriki egindako proba negatiboa, txertaketa-ziurtagiria edo sendagiria) abuztuaren 9tik aurrera honakoetarako: ostalaritza-lokal batean sartzeko (baita terraza batean egoteko ere), ibilbide luzeko tren batera igotzeko, Estatu barruan hegan egiteko eta osasun-zentroetan (gaixotasunak premiazkoak edo larriak ez badira) edo adinekoen egoitzetan sartzeko.

Neurri hori uztailaren 21etik aplikatzen dituzte bertan, baina aisialdi- eta kultura-guneetan sartzeko soilik; Frantziako Konstituzio Kontseiluak, baina, onartu egin du hori zabaltzea.

Eta zer gertatzen ari da Europan?

Italian gaur bertan jarriko dute martxan pasaporte berde digitala, eta derrigorrezkoa izango da lokal itxi batean sartzeko edota jende asko biltzen duten jardueretan parte hartzeko. Halaber, nahitaezkoa izango da eskoletan eta unibertsitateetan.

Kasu horretan, agintariek jakitera eman dutenez, nahikoa izango da txertoaren dosi bat jasota izatea, gaixotasuna pasatu izana egiaztatzen duen ziurtagiri bat izatea edo aurreko 48 orduetan egindako test negatibo bat edukitzea.

Portugalen ostalaritzara (asteburuetan bakarrik) eta hoteletara sartzeko eskatzen dute ziurtagiria; Irlandan ostalaritzarako soilik, eta Suitzan diskoteka eta jendetza batzen den lekuetarako. Herbehereetan, bestalde, bezeroei test negatiboak eskatzeko baimena eman diete lokalen jabeei, eta Grezian covid ziurtagiria eskatzen ari dira merkataritza-guneetara sartzeko, ostalaritzan kontsumitzeko edo kultur-jarduerez gozatzeko. Alemanian, aldiz, estatu federatuek erabaki dezakete txertaketa-ziurtagiria edo proba negatiboak eskatzea gune itxi jakin batzuetara sartzeko.

Txertatuen eta txertatu gabeen arteko diskriminazioa

OCU kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeak kanpaina bat hasi du covid-19aren test diagnostikoak doan izan daitezen eskatzeko. Gogorarazi duenez, arazoak arazo, Espainiako Estatuan 12 urtetik gorakoen "zati handi batek" ezin izan du txertaketa-prozesu osoa amaitu, eta, horren ustez, diskriminazioa egon daiteke covid ziurtagiria lortzeko txertoak jaso dituzten pertsonen eta bidaiatzeko edo leku jakin batzuetara sartzeko probak ordaindu behar dituztenen artean.

OCUk gogoratu duenez, antigeno proba batek 30 eta 70 euro arteko kostua du, eta 48 ordurako balio du; eta PCR proba batek, berriz, 70 eta 120 euro artekoa, eta 72 ordurako balio du.