Gizartea
Koronabirusa
Kantabriak covid ziurtagiria ezarri du eragin handiena duten udalerrietako ostalaritza-lokaletan
EITB Media
Neurri hori betetzen dela zainduko du Osasun Departamentuak 3. eta 4. alerta mailan dauden udalerrietako establezimenduetan. Baldintzok betetzen ez badira, zehapen-aktak egingo dituzte.
-
Taberna bateko barrualdea. Artxiboko irudia.
Kantabriako Osasun Departamentuak iragarri duenez, 3. eta 4. alerta mailan dauden udalerrietako ostalaritza-establezimenduek lokalen barrura sartzeko bezeroei covid ziurtagiria eskatzen zaiela zainduko dute. Halakorik egiten ez badute, zehapen-aktak egingo dituzte.
Horrela, koronabirusagatik arrisku handia edo oso handia duten udalerrietan, txertaketa-jarraibide osoa jaso duten, proba negatiboa duten edo gaixotasuna gainditu duten pertsonak soilik sartu ahal izango dira ostalaritza-lokalen barrura.
Baldintzak betetzen ez badira, "errua ez da inola ere bezeroarena", Departamentuaren arabera, lokalarena baizik.
Hala ere, ostalariei ez zaie eskatzen egiazkotasuna froga dezaten; izan ere, norbaitek ziurtagiri faltsu bat aurkez dezake, edo berea ez dena; "eskatzen dena da aurkeztea, besterik gabe", zehaztu dute iturriek.
Kantabriako Ostalaritza Elkarteak errekurtso bat aurkeztu du Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, azken covid-semaforoa bertan behera uztea eskatzeko. Semaforoa atzo, ostegunean, jarri zen indarrean, eta alerta maila altuan jarri ditu 27 udalerri, koronabirusa dela eta.