Gizartea
Galizia
Samuel Luizen krimenagatik atxilotuetako lauri hilketa delitua leporatzea eskatu du Fiskaltzak
Agentziak | EITB Media
Coruñako Auzitegiak (Galizia) adin nagusikoetako hiru espetxeratzea agindu du, eta bi adingabeak erregimen itxiko zentro batean sartu dituzte. Hilketa iragan uztailaren 3ko goizaldean gertatu zen, Coruñako itsas pasealekuan.
-
Samuel Luizen heriotzagatik atxilotutakoak. Argazkia: EFE.
Samuel Luizen krimenagatik atxilotutako lau helduei hilketa delitua leporatzea eskatu dio Fiskaltzak auzia ikertzen ari den epaileari. Uztailaren 3ko goizaldean gertatu zen, Coruñako itsas pasealekuan.
Horrez gainera, Luizen mugikorra ustez eraman zuen gazteari indarra erabiliz lapurreta egitea egoztea eskatu dio. Bestalde, biktimari laguntzen saiatu zen pertsona batek jasandako lesioekin zerikusia duten gertakariak beste prozedura batean epaitzeko eskatu du.
Atxilotutako hiru gizonezko behin-behineko espetxealdian daude Teixeiroko kartzelan; laugarrena, emakume bat, aske dago karguekin. Gainera, atxilotutako adin txikikoak adingabeentzako zentro batean daude.
Lau helduek epaitegietan deklaratu zuten atzo. Saioan, akusazio publikoek eta partikularrek karguak leporatzeko eta eginbide osagarriak egiteko eskatu zuten, eta defentsek beste diligentzia batzuk egitea eskatu zuten. Prozedura horretan, Pola Liberdade Afectiva e Sexual da Coruña elkarteak (ALAS A Coruña) jakinarazi du herri-akusazio gisa arituko dela.