Gizartea
Koronabirusa
Nerabe nafarrek txertoa jasotzeko hitzordua eska dezakete dagoeneko
Agentziak | EiTB Media
Guztira, 820.093 txerto jarri dituzte jadanik Foru Erkidegoan, eta 408.678 nafarrek txertaketa bukatu dute, herritarren % 70ek baino gehiagok, alegia.
-
Telefono mugikorrera SMS bat bidaliko du Osasunbideak. Argazkia: EFE
12 eta 15 urte arteko nerabeak covid-19aren aurka txertatzeko hitzordu eskaera martxan jarri du ostegun honetan Nafarroako Osasun Departamentuak, gaztetxoenen artean txertaketa areagotzeko helburuarekin; izan ere, une honetan birusaren intzidentzia handiena du adin tarte horrek Foru Erkidegoan.
Nafarroan 29.148 nerabe daude, Foru Gobernuak jakitera eman duenez. Osasunbideak SMS bat bidaliko die familiei, adingabeentzat hitzordua eskatzeko esteka batekin. Aitaren, amaren edo legezko tutorearen baimena beharko dute nerabeek, txertaketa gunera haiek lagunduta joaten ez baldin badira.
Horrela, Osasunbideak SMS bat bidaliko du gaurtik aurrera adingabeen historia klinikoan agertzen den telefono mugikorrera, hitzorduaren kudeaketa errazte aldera (mezuaren jarraibideei jaramon egitearekin nahikoa izango da).
Era berean, mezu berean baimen orri bat deskargatzeko aukera izango dute familiek. Adingabea txertaketa gunera laguntzeko aukerarik ez badute, agiria sinatu beharko du aitak, amak edo legezko tutoreak.
Inprimakia txertaketa guneetako administrazio puntuetan ere izango da eskuragarri, euskaraz zein gaztelaniaz.
Txertaketa prozesuak aurrera jarraitzen du Nafarroan, eta asteazkenean 6.025 dosi eman zituzten. Guztira, 820.093 txerto jarri dituzte jadanik, eta 408.678 nafarrek txertaketa bukatu dute, herritarren % 70ek baino gehiagok, alegia.