Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Gehienezko edukiera % 40koa izango da futbol ligaren hasieran, eta % 30ekoa saskibaloikoan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Hala adostu dute Lurraldearteko Osasun Batzordean. Neurria abuztuan izango da indarrean, eta, gerora, Espainiako Gobernua eta autonomia-erkidegoak berriro bilduko dira, ehunekoetan aldaketarik izan behar ote den aztertzeko.

  • Iruñeko Sadar futbol-zelaia, artxiboko irudian

    Iruñeko Sadar futbol-zelaia, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Abuztuan, aire zabalean dauden estadioetako gehienezko edukiera % 40koa izango da; estadio itxietan, aldiz, % 30ekoa izango da gehienez. Hala adostu dute Lurraldearteko Osasun Batzordean, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta autonomia-erkidegoek.

Euskadi abstenitu egin da bozketan; izan ere, Jaurlaritzak zehaztu duenez, eskumena autonomia-erkidegoek dute, kirol-ekitaldietako aforoei dagokienez. Gaur egun indarrean dagoen dekretuaren arabera, EAEn, 5.000 ikusletik gorako edukiera duten estadioetan, gehienezko aforoa % 20koa da; Nafarroan, aldiz, % 33koa da. Asteazken honetan Lurraldearteko Osasun Batzordeak adostutakoa baino murritzagoak dira biak, beraz.

Hainbat gutxieneko jasotzen dituen akordioa da Batzordean hitzartutakoa, eta abuztuaren 13tik izango da indarrean, hau da, futbol liga hasten denetik, hilaren 29ra arte. Une horretan, Espainiako Gobernua eta autonomia-erkidegoetako gobernuak berriro batzartuko dira, ehuneko horiek aldatu behar ote diren aztertzeko, Carolina Darias Osasun ministroak iragarri duenez. Murrizketa horiek orduan aztertuko dituzte berriro.

Horrez gain, kirol-ekitaldietako ikusleek ezingo dute ez jan ez edan (ura izango da salbuespena), ezta tabakorik edo eratorritako produkturik erre ere; ikusleak mailaka sartu beharko dira, une oro musukoa jantzita dutela, eta metro eta erdiko tartea zaindu beharko dute. Horrez gain, ez da sarrerarik salgai izango; hala, bazkideak edo abonatuak bakarrik sartu ahalko dira estadioetara.

Joan-etorriak kontrolatzea

Gehienezko edukiera horiek ezarrita, etxetik kanpo jokatzen duten taldeen zaleen joan-etorriak kontrolatu nahi dituzte autonomia-erkidegoek eta Espainiako Gobernuak, Darias ministroak bileraren osteko prentsaurrekoan aitortu duenez.

Hori dela eta, autonomia-erkidegoei eta futbol eta saskibaloi klubei eskatu zaie abonatuek eta tokiko publikoak lehentasuna izatea estadioetara joateko eta, horrela, beren taldea hiritik kanpo ikusi nahi duten zaleen mugikortasuna saihesteko.

Era berean, dekalogo horren derrigortasunari buruz, Dariasek esan du akordioa Lurraldearteko Batzordeko kide guztiek aho batez adostu dutela, eta, horrenbestez, bete egingo dutela.