Itxi

Gizartea

Murrizketa

Nafarroako Auzitegi Nagusiak abuztuaren 12ra arte luzatu du etxeratze agindua

Agentziak | EITB Media

Neurria "egokia" eta "kutsaduren gorakada ekiditeko eraginkorra" dela uste du Nafarroako Auzitegi Nagusiaren administrazio-auzietarako aretoak. Gainera, beharrezkotzat jo du, "egoeraren larritasuna dela eta".

  • Iruñeko kale hutsak. Argazkia: Jesus Angel Arana.

    Iruñeko kale hutsak. Argazkia: Jesus Angel Arana.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baimena eman du asteazken honetan abuztuaren 12ra arte gaueko etxeratze agindua beste astebetez luzatzeko, covid-19aren eragina altua den Nafarroako udalerrietan. Neurria asteburuetan eta udalerri bakoitzean herriko jaiak ospatu beharko liratekeen egunetan aplikatuko da.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek jakitera eman dutenez, administrazio-auzietarako aretoak "egokitzat" jo du neurria. Hala, aretoaren arabera, "kutsatzeen datuak apur bat hobetu diren arren, ospitaletan eta ZIUetan dauden gaixoen kopuruak gora egin du, eta, beraz, neurri egokitzat jotzen da".

Auzitegiak "kutsaduren gorakada ekiditeko neurri eraginkorra" dela uste du, "prebentzio neurriak lasaitzen diren uneetarako, hala nola, musukoa erabiltzen ez denean eta distantzia soziala mantentzen ez denean". Gainera, "egoeraren larritasuna dela eta, beharrezkoa" ikusten du, "muturreko arriskuan jartzen dauden udalerrien kutsatzeko erritmoa" kontuan hartuta.

Era berean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohartarazi du ostalaritzako lokalen itxiera 01:00etara aurreratzea ez dela oraindik nahikoa izan "gaueko zirkulazioa mugatzea proposatzen den herrietan birusaren hedapena kontrolatzeko".

Horren harira, Auzitegiak gogorarazi du neurria "proportzionatua" dela, kutsatzeen katea murrizteko behar den gutxieneko kopuruan hartzen delako, eta, aldi berean, ez duelako erabateko mugikortasuna eragozten.