Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Arriskuko pertsonekin lan egin duten profesionalak txertatzera behartzea eztabaidagai bihurtu da

Eriz Lotina | EiTB Media

Arabako ahaldun nagusia eta Gasteizko alkatea alde agertu dira. Lizarrako San Jeronimo egoitzako zuzendaria, ostera, langileak behartzearen aurka azaldu da. "Espainian oraingoz ez da derrigorrezko txertaketarik ezarri", esan du Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.

1:49
Egoitzen covid kasuak: 28 erabiltzaile Bizkaian, 20 Gipuzkoan eta 3 Araban

Adinekoekin harreman zuzena duten egoitzetako profesionalak covid-19aren aurkako txertoa hartzera behartzeko eztabaida areagotu egin da, azken orduetan euskal zentroetan positibo kopuruak gora egin eta hiru heriotza baieztatu ondoren.

"Nahita txertorik ez hartzea erabaki duten profesionalek arrisku egoeran dauden pertsonekin harreman zuzenik ez luketela izan behar uste dut", esan zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak prentsaurrekoan.

"Pertsona horiek kutsatzea saihestea legalki posible izan beharko litzatekeela uste dut", erantsi zuen.

"Ahaldun nagusiaren proposamenarekin bat nator". Horrela laburbildu du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adinekoen egoitzetako langileak behartzearen inguruko auzia.

Urtaranek 'Faktoria'n azaldu duenez, ulergarria iruditzen zaio "txertoa hartu ez duten langileak nagusiengandik gertu ez ibiltzea". "Kontuan izan behar duzu zein den adinekoen osasun egoera, ez baduzu txertoa jasotzen, eta komenigarria dela txertoa jasotzea arriskurik ez izateko", gaineratu du Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak.

Halaber, "ez dut argi" neurria herritarrekin harreman zuzena duten langile publiko guztietara zabaldu behar ote den erantsi du.

David Cabrero Lizarrako (Nafarroa) San Jeronimo egoitzako zuzendaria, aldiz, ez behartzearen aldekoa da, "behartzearekin, azkenean, batzuetan kontrako erantzuna lortzen dugulako". "Pertsonak babestu behar ditugula ikusi behar du beharginak, eta kolektibo oso zaurgarri batekin ari garela lanean", azpimarratu du Cabrerok Radio Euskadin.

"Espainian oraingoz ez da derrigorrezko txertaketarik ezarri", esan du Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. "Duela gutxi Galiziako Exekutiboa saiatu zen, eta horrek Espainiako Gobernuaren helegitea ekarri zuen", azaldu du.

"Arabako ahaldun nagusiak esan beharko digu zein motatako legedia pentsatzen ari den", adierazi du Itxasok. Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariaren ahotan, "txertaketa behartzeaz gain, eta hori oraingoz ez dago aurreikusita Espainian, beste hainbat neurri har daitezke, besteak beste, PCRak, ahal den neurrian zaharren egoitza horiek babesteko".