Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Intzidentziak berriro egin du behera EAEn, baina "goiz da joera aldaketaz hitz egiteko"

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurreratu duenez, 907 positibo berri zenbatu dituzte. R0 indizea apur bat jaitsi da (0,89an dago). Ifrentzuan, erietxeetako egoera kaskartu egin da, gaixo kritiko gehiago eta ospitaleratze gehiago izan direlako.

  • Galdakaoko Ospitaleko ZIU bat.

    Galdakaoko Ospitaleko ZIU bat. Artxiboko argazkia: EFE

Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 839 koronabirus kasu pilatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bezperan baino 18 puntu gutxiago, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurreratu duenez. Horren esanetan, datuak "hobetzen" ari dira, baina "kezkagarriak" dira oraindik. "Goiz da joera aldaketaz hitz egiteko", gaineratu du.

Astelehen honetan 907 kutsatze berri atzeman dira, bezperan baino 140 gehiago. Kasuek erietxeetara heltzen jarraitzen dute, eta handiagoa da presioa. Izan ere, gora egin dute ZIUetan dauden gaixoak (63, bezperan baino hiru gehiago), ospitaleratzeak (56, 23 gehiago) eta gela arruntetan dauden pertsonak (240, igandean baino bat gehiago).

Sagarduiren agerraldiaren ostean kaleratu du Osasun Sailak buletin epidemiologikoa. Horren arabera, atzokoan 9.567 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 2.287 gehiago) eta horietatik 907 izan ziren positibo. Proba gehiago egin arren, positibotasun tasa jaitsi egin da, % 9,5ekoa baita orain, bezperan % 10,5ekoa izan ostean.

Behera egin duen bestea R0 indizea da, 0,90etik 0,89ra egin baitu. Oinarrizko birsorkuntza indizeak positibo batek zenbat pertsona kutsatu ahal dituen adierazten du, eta 1etik behera egonez gero, onargarritzat jo daiteke.

Bezperan atzemandako joerari jarraikiz (11 puntu jaitsi zen), intzidentzia-tasa metatua koska bat txikiagoa da gaur-gaurkoz (839 kasu 100.000 biztanleko, igandean baino 18 kasu gutxiago). Gipuzkoan (754) eta Bizkaian (913) igarri dute gehien beherakada, 22 eta 19 kasu gutxiago atzeman baitituzte, hurrenez hurren. Araban, berriz, 645 kasu dituzte 100.000 biztanleko, bezperan baino bederatzi gutxiago.

EAE osoan zenbatutako 907 kasuetatik, 476 Bizkaiari dagozkio (igandean baino bat gehiago) eta 110, Arabari (15 gehiago). Gipuzkoan nabarmen egin dute gora kutsatzeek, igandean baino 100 gehiago hauteman baitituzte (300, guztira). Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren 21 pertsonak eman dute positibo.

Udalerrietako egoerari dagokionez, Usurbil (Gipuzkoa) baino ez dago gune kritikotik kanpo (betiere 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien zerrendari erreparatuta).

Sagardui: "Goizegi da joera aldaketa batez hitz egiteko"

Bilbon eskainitako agerraldian, Gotzone Sagardui sailburuak adierazi du datuak "hobetzen" ari direla, baina "kezkagarriak" direla oraindik. Are gehiago, horren ustez, "goiz da joera aldaketa batez hitz egiteko".

Kasuak erietxeetara heltzen jarraituko duela aurreratu du, eta horren harian jakinarazi du 10 haurdun daudela ospitaleratuta, horietako bi ZIUn.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.