Itxi

Gizartea

Elkarrizketa

Iker Alvarez, koronabirus gaixoa: "18 urteko gaztetxoak daude ZIUn"

EITB Media

23 urteko mutilak zortzi egun eman zituen ospitalean aldebiko pneumoniak jota covid-19a dela eta; ez zuen aurretiko gaixotasunik. Egun batzuk lehenago, antigeno testak negatibo eman zion, baina gerora egindako PCRak, positibo.

  • Iker Alvarez

    Iker Alvarez. Argazkia: EITB Media

Iker Alvarezek 23 urte ditu eta Bilbokoa da. Madrilen Kazetaritza masterra ikasten ari da, eta koronabirusa gainditu berri du. Ez zeukan aurretiko gaixotasunik, ezta arrisku faktorerik ere, eta halere, zortzi egun eman zituen ospitalean, aldebiko pneumoniak jota. Bere kasua ez da salbuespena, izan ere, adierazi du 18 urteko gaztetxoak daude ZIUn.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "txarto sentitzen hasi nintzen, nekatuta. Gero sukarrarekin hasi nintzen, mukiak, buruko mina". Ama osasun langilea da eta Madrilera joan zen zaintzera, "maskarak, eskularruak, norbera babesteko ekipoa" zituela.

Gaztearen arabera, Madrilgo osasun zerbitzu publikoa "oso eskasa" da. Familia medikuak antigeno proba egitera agindu zuen, baina erizain bati esker, proba hori ez ezik, PCRa ere egin zioten. Biek emaitza kontrajarriak izan zituzten: antigenoak negatibo eman zuen, eta PCRak, positibo.

Egunak eman zituen apenas hobekuntza barik, eta azkenean osasun pribatura jo behar izan zuen. Berehala erietxeratu zuten, aldebiko pneumonia baitzuen. "Esan zidatenez, ospitaleratu ez banindute hiru egunen buruan ZIUan nengoke", kontatu du.

Bilboko gazteak uste du gazteria estigmatizatzen ari direla: "Adinez nagusia den jendea txokoetan eta familia bazkarietan biltzen da".