Itxi

Gizartea

Segurtasuna

ErNE eta Esan sindikatuek agente eta baliabide material gehiago eskatu dituzte kale-edanari aurre egiteko

Agentziak | EITB Media

Sindikatuen iritziz, istiluak sortzea eta agenteei objektuak jaurtitzea "ohikoa bihurtzen ari da" EAEko udalerrietako 'ez-jaietan' egiten diren kale-zurrutetan esku hartu behar dutenean.

  • Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren segurtasun-dispositiboa. Artxiboko argazkia: Ertzaintza

    Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren segurtasun-dispositiboa. Artxiboko argazkia: Ertzaintza

ErNE eta Esan sindikatuek "segurtasun-dispositibo hobeak" eskatu dituzte igande honetan, baita agente eta baliabide material gehiago ere, astebururo euskal udalerrietako 'ez-jaietan' errepikatzen den kale-zurrutari aurre egiteko, istiluekin eta ertzainen zein udaltzainen aurkako erasoak izaten baitira.

ErNEren kasuan, sindikatuak akusazio gisa aurkezteko eskatu die Segurtasun Sailari eta udalei, covid-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko asmoz ezarritako osasun eta segurtasun neurriak betearazten saiatzen diren polizia-agenteei eraso egiten dietenean.

Fiskaltzari eta epaileei ere eskaerak egin dizkie sindikatuak, eta "autoritatearen aurkako atentatuak" gertatzen direnean "irmotasun handiagoa" nahi du zigorrak ezartzeko unean; izan ere, ErNE sindikatuaren arabera, gauero gazte-pilaketak desegiten saiatzen diren ertzain eta udaltzainei botilak eta objektuak jaurtitzen dizkiete.

Testuinguru horretan, Ertzaintza eta Udaltzaingoa ez direla "edonolako ekintzetara" bidaltzeko "panpinak" ohartarazi du Esan sindikatuak. Hala, agenteek desegin behar dituzten botiloi eta jende-pilaketetan, gazteek ertzainei eta udaltzainei eraso egiten dietela salatu du. Horrez gain, taldeetan bilduta dauden pertsona horien irainak jasan behar dituzte.

Ildo horretatik, Esanen iritzian, agenteen segurtasuna lehenetsi behar da kale-edanetan eta jende-pilaketetan esku hartu behar denean. Horrenbestez, "jarduteko dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak egokiak ez badira, agenteek atzera egin behar dute", gaineratu du sindikatuak.

Hala, jardun behar denean "irmotasunez jokatzeko" eta, ondoren, salaketen ebazpenean, ekintza jakin horietan parte hartzen dutenei "zigorrak ezartzeko" eskatu du Esan sindikatuak. "Ez daitezela ekintza horiek ahaztu", gaineratu du.

Esan sindikatuaren arabera, horrelako portaerak, alegia, istiluak sortzea eta Ertzaintzari objektuak jaurtitzea "ohikoa bihurtzen ari da" Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako 'ez-jaietan' egiten diren botiloietan esku hartu behar dutenean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.