Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

927 koronabirus kasu berri atzeman dituzte Euskadin, eta positibotasun-tasa % 12,4ra igo da

EITB MEDIA

Bestalde, EAEko ospitaleetan 31 pertsona ospitaleratu dituzte larunbatean, aurreko egunean baino 17 gutxiago. Dena dela, EAEko ospitaleetako zainketa intentsiboetako unitateetan 63 gaixo larri daude oraindik, covid-19aren eraginez.

1:21
ZIUetako unitateak EAEn

Euskadik 927 positibo berri izan ditu larunbatean, bezperan baino 343 kasu gutxiago, baina positibotasun-tasa % 12,4ra igo da, bezperan % 11,6koa izan ondoren.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, larunbatean 7.451 proba diagnostiko egin ziren, ostiralean baino 3.542 gutxiago, eta 927 kutsatu berri baieztatu ziren, bezperan 1.270 izan ostean.

Horrela, aurreko egunean egindako probekin alderatuta, positiboen tasak zortzi hamarren egin du gora, % 12,4raino. Zainketa intentsiboetako unitateetan, berriz,  ospitaleratutakoen kopuruak berdin jarraitzen du, 63 gaixo baitaude.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, larunbat honetan 555 positibo berri atzeman dituzte Bizkaian (ostiralean baino 114 gutxiago), Gipuzkoan 234 (aurreko egunean baino 152 gutxiago) eta Araban 122 (77 gutxiago). Horrez gain, 16 pertsona kutsatu dira Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi direnen artean (bezperan 24 izan ziren).

Bestalde, EAEko ospitaleetan 31 pertsona ospitaleratu dituzte larunbatean, aurreko egunean baino 17 gutxiago. Dena dela, EAEko ospitaleetako zainketa intentsiboetako unitateetan 63 gaixo larri daude oraindik, covid-19aren eraginez.

Datorren astelehenera arte, Osasun Sailak ez ditu gainerako datu epidemiologikoak eguneratuko, baina 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 870,30 kasutik 868,93ra jaitsi da asteazkenetik ostegunera.

Positibotasuna bikoiztu da uztailean

Koronabirusaren bilakaerari dagokionez, uztailean datu negatiboak izan dira Euskadin. Testuinguru horretan, pandemiak % 12,4ko positibotasunarekin amaitu du uztaila Euskadin, hilabete horren lehen eguneko datua bikoiztuz (% 6,1).

Uztailaren 14an, positibotasun-tasa % 10etik gorakoa izan zen zortzi hilabetetan lehen aldiz, eta egun batzuk geroago, hilaren 20an, 1.583 kutsatu zenbatu ziren; pandemia hasi zenetik Euskadin baieztatutako kopururik handiena.

Horrez gain, Euskadi eremu gorrira itzuli zen, uztailaren 14an bertan 100.000 biztanleko 400 kasutik gora zenbatu ostean, eta joan den asteartean, pandemia hasi zenetik bi aste lehenago metatutako intzidentziara iritsi zen, ia 854 kasurekin.

Osasun Sailak astelehen honetan datu guztiak eguneratu arte, egoerak okerrera egin du, nabarmen gainera. Hilabetearen hasieran, 33 gaixo zeuden zainketa intentsiboetako unitateetan, eta 63 gaixo zeuden atzo, ia bikoitza.

Gainera, hilaren hasieran 63 paziente zeuden gela arruntetan, eta joan den ostegunean, 243.

Alabaina, R0 indizeak (gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen adierazten du) behera egin du: 1,41 izan zen hilaren lehen egunean, eta 0,94 joan den ostegunean. Horrek datozen egunetan pandemiaren bilakaera aldatzea ekar lezake.

Kutsatzeek behera egiten jarraitzen dute Nafarroan

Nafarroak 310 covid-19 kutsatze berri atzeman ditu larunbat honetan, bezperan baino 35 gutxiago, Foru Gobernuko Osasun Sailaren datuen arabera. Motela izanagatik ere, kasu berrien beherako joera mailakatua ematen ari da; izan ere, azken hiru egunetan 400 kasu baino gutxiago zenbatu dituzte.

Duela astebeteko zifrekin alderatuta, Nafarroak transmisioaren kurba apaltzea lortu duela esan daiteke: iragan larunbatean 363 eri berri zenbatu zituzten (atzo baino 53 gehiago). Egun berean, gainera, 61 eta 63 urteko bi emakume hil ziren covid-19ak jota.

Positibotasuna, ostera, harrotu egin da azken orduetan. % 17ko positibotasun tasa erregistratu zen atzo, egindako 1.819 diagnostiko probetan. Asteko daturik altuena da larunbat honetakoa; izan ere, aste osoan, Foru Erkidegoak ez du % 14,7ko positibotasuna igaro.

Erietxeen presioari dagokionez, covid-19ak jotako zortzi gaixo ospitaleratu zituzten larunbatean, horietako bi ZIUn. Orotara, 122 pertsona daude ingresatuta Nafarroako osasun sareko ospitaleetan, horietatik 20 pronostiko larriarekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.