Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Kutsatzeek behera egiten jarraitzen dute Nafarroan: 310 kasu berri, bezperan baino 35 gutxiago

Berezi Fernandez | EITB Media

Positibo berrien beherako joerako hirugarren eguna da Foru Erkidegoan. Positibotasunak, ostera, igotzen jarraitzen du eta % 17koa izan da larunbat honetan.

  • Nafarroako Ospitaleko ZIU

    Nafarroako Ospitaleko ZIU. Argazkia: EFE

Nafarroak 310 covid-19 kutsatze berri atzeman ditu larunbat honetan, bezperan baino 35 gutxiago, Foru Gobernuko Osasun Sailaren datuen arabera. Motela izanagatik ere, kasu berrien beherako joera mailakatua ematen ari da; izan ere, azken hiru egunetan 400 kasu baino gutxiago zenbatu dituzte.

Duela astebeteko zifrekin alderatuta, Nafarroak transmisioaren kurba apaltzea lortu duela esan daiteke: iragan larunbatean 363 eri berri zenbatu zituzten (atzo baino 53 gehiago). Egun berean, gainera, 61 eta 63 urteko bi emakume hil ziren covid-19ak jota.

Positibotasuna, ostera, harrotu egin da azken orduetan. % 17ko positibotasun tasa erregistratu zen atzo, egindako 1.819 diagnostiko probetan. Asteko daturik altuena da larunbat honetakoa; izan ere, aste osoan, Foru Erkidegoak ez du % 14,7ko positibotasuna igaro.

Erietxeen presioari dagokionez, covid-19ak jotako zortzi gaixo ospitaleratu zituzten larunbatean, horietako bi ZIUn. Orotara, 122 pertsona daude ingresatuta Nafarroako osasun sareko ospitaleetan, horietatik 20 pronostiko larriarekin.

395.842 nafarrek jaso dute jada koronabirusaren kontrako txertoaren pauta osoa, eta larunbatean 5.039 dosi eman zituzten Foru Erkidegoan.

Iruñeko auzoetan 71 positibo berri zenbatu dituzte azken 24 orduetan. Atzetik, asteko joerarekin jarraituta, Tutera (26 kasu) eta Lizarra (18 kasu) daude. Gainetik, Elizondon 15 kutsatu berri izan dituzte larunbat honetan.

Gauean etxeratzeko agindua, abuztuaren 5era arte

Etxeratzeko agindua (01:00etaik 06:00etara) abuztuaren 5era luzatzeko baimena eman dio Nafarroako Auzitegi Nagusiaren administrazio-auzietarako aretoak Foru Gobernuari.

Neurriak covid-19aren ondorioz muturreko arriskuan dauden udalerriei eragiten die asteburuetan, jaiegunetan eta tokiko festetan (bezperak barne).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.